Centro Cultural Coreano elkartearekin lankidetzan, bertako zinemari eskainitako Besarkada Korearra ziklo laburra atondu du BilbaoArtek maiatzetik ekainera. Azken urteetan estreinatutako film hegokorear laudatuenen artean hiru hautatu dituzte, eta bakoitzaren bina emanaldi egingo dituzte. Bertan izateko, aurrez erreserbatu beharko da lekua.

Pandemiaren olatuen gainetik Bilboren eta Seulen arteko besarkadari eusteko, BilbaoArtek eta Centro Cultural Coreanok maiatzaren 19tik ekainaren 9ra luzatuko den zinema zikloa prestatu dute elkarlanean. Gehiegikeria, krudelkeria eta samurtasuna darien hiru lagin indartsuren bidez, XXI. mendeko zinematografia erakargarrienetakoa eskaintzen ari den Koreako sorkuntzaren argazki interesgarria egiteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Ondorengoak dira zikloan proiektatzeko hautatu dituzten hiru lanak:

The Man Standing Next. Woo Min-ho eta Lee Ji-Min sortzaileen 2020ko dramak 1970eko botere politikoen arteko mugimendu eta talka ilunak bistaratuko ditu.

Maiatzaren 19an eta ekainaren 9an eskainiko dute, 19:00etan.

.

Kim Ji-young: Born 1982. Kim Do-young zinemagileak 2019an estreinatu zuen dramak filmari izena ematen dion gaztearen eguneroko errepikakor bezain hutsalaren bilakaera aztertuko du.

Maiatzaren 25ean eta ekainaren 3an eskainiko dute, 19:00etan.

.

Dark Figure of Crime. Kim Tae-gyoon zinemagilearen 2018ko thrilerra, Kang hiltzailearen kasua jarraituko duen Kim narkotikoen ofizial alargunaren inguruan.

Maiatzaren 27an eta ekainaren 1ean eskainiko dute, 19:00etan.

.

Saioetan parte hartzeko filmaren emanaldiaren egunean hots egin beharko da 94 415 50 97 telefono zenbakira, eta lagun bakoitzak, gehienez, bi leku erreserbatu ahal izango ditu. Informazio osagarria BilbaoArteren atarian duzue eskuragai.

0