Igor Legarretaren Ilargi guztiak proposamenak zabalduko du gaur, maiatzak 7, Bilboko FANT Zinemaldi Fantastikoaren edizio berria 18:30ean Campos Antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian. Sail Ofiziala, Dokufant, Fant Laburrean (Euskal Filmen azpiatalarekin), Fant Familian, Fant Maisuak, La Aventura, Ikuspegi Fantastikoa (film laburren azpiatalarekin) eta lehiaketatik kanpoko filmen sailez gain, hainbat emanaldi berezi ere egingo dituzte; 70etik gora proposamen bistaratuko dituzte, orotara.

Azken asteetako iragarpenekin zein FANT jaialdiaren aurrekari gisa egiten dituzten PreFANT zikloko emanaldiekin, errealitate fantastikoetara bidaiatzeko irrika zabaldu da azken asteetan Bizkaiko hiriburuan, eta gaur, maiatzak 7, abiatuko dute astebetez luzatuko den programazio oparo bezain anitza. Aurtengo ekitaldiko izen propioen artean dira Lluís Quílez eta Jaume Balagueró sortzaile kataluniarrenak, genero fantastikoan nabarmentzen ari diren figurei eskainitako FANTROBIA saria eta ibilbide oso bati aitortza egiten dion Ohorezko FANT garaikurra jasoko baitituzte, hurrenez hurren.

Sail Ofizialean nazioartetik etorritako hamar proposamen lehiatuko dira, hala nola, Bradley Parker estatubatuarraren The Devil Below, Márk Bodzsár hungariarraren Comrade Drakulich, Verónica Chen argentinarraren Marea Alta, Kurtis David Harder kanadarraren Spiral eta Mathieu Turi frantziarraren Meandre. Film guztien zerrenda jarraian kontsulta dezakezue. Beste hamar dira Fant Laburrean atalerako hautatuak izan diren proiektuak, tartean, Ignacio Estaregui espainiarraren En racha, Kyoungmi Lee hegokorearraren The Lady From 406, Daniel Romero espainiarraren Ella y la oscuridad eta Carlos Gómez Trigor espainiarraren Survivers. Zerrenda osoa jarraian ikusgai.

Euskal proposamen laburren atalak, bere aldetik, hamaika proiektu hartuko ditu, hala nola, María Fontánen Zerua hautsi zen gaua, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura, Yago Mateoren Meritum eta Alberto Váquezen Homeless Home saritua. Atal honetako ekoizpen guztiak bihar, maiatzak 8, eskainiko dituzte 18:30ean Campos Antzokian egingo duten emanaldian. Segidan ikus ditzakezue izenburu guztiak.

Ikuspegi Fantastikoa atalak, bere aldetik, sei film luze eta hamar labur hartuko ditu aurtengo edizioan, eta Dokufant sailean Alexandre O.Philippe zinemagile estatubatuarrak Leap of Faith, The Exorcist 1973ko filmari buruz osatutako saiakera zinematografikoa eskainiko dute. Emanaldia maiatzaren 13an, osteguna, izango da, 15:00etan Golem Alhondiga zinemetan.

Atal bereziak

Lehiaketatik kanpoko filmen atalak azken urteetan genero fantastikoan nabarmendu diren nazioarteko lau izenburu bilduko ditu, hala nola, Max Barbakow sortzaile kaliforniarraren Palm Springs denboraren tranpa eta Lodewijk Crijins holandarraren Tailgate errepideko amesgaiztoa.

Fant Maisuak atalak, bere aldetik, Bong Joon-Ho hegokorearra eta Jack Sholder estatubatuarrari eskainiko die fokua, eta bi sortzaileen bost film, orotara, proiektatuko dituzte, hala nola, Joon-Horen 2003ko Memories of Murder klasikoa, eta Sholderren ibilbide lanik esanguratsuena den 1987ko The Hidden. Film guztien gaineko datuak jarraian topatuko dituzue.

Fant Familian atalean, halaber, Herbehereen eta Alemaniaren artean ekoitzitako Tess eta ni (Steven Wouterlood, 2019) programatuko dute. Hamar urteko Tess eta Sam neska-mutikoen abentura du hizpide filmak, eta Tinko Euskara Elkartearen ekimenez, apiril hasieran Hego Euskal Herriko zinema aretoetan izan zen ikusgai.

Emanaldi berezi gisa aurkeztuko dituzte, halaber, beldurrezko eta fantasiazko generoetako zinemaren historian klasiko bilakatu diren Scream (Wes Craven, 1996) eta The Omen (Richard Donner, 1976) ezagunak, baita Diego López espainiarraren La dama del Fantaterror (2020), Rémi Chayék zuzendutako animaziozko Calamity (2020) eta Jonathan Milott eta Cary Murnion estatubatuarren Becky (2020) lan berriak ere. Azken honek, hain zuzen, itxiko du jaialdia maiatzaren 15ean.

Epaimahaia

Ohi bezala, aurten ere bi epaimahai bereiziko dituzte. Alde batetik, Sail Ofizialeko filmen gaineko balorazioa egingo duena, Yago García kazetariak, Norberto Ramos del Val zinemagileak eta Nerea Torrijos jantziteria arduradunak osatutakoa, eta Ikuspegi Fantastikoa saileko filmen artean sariak banatzeaz arduratuko dira, aldiz, Diego H. Kataryniuk zinema zuzendari eta ekoizlea, Esther Cabero Kimuak katalogoaren koordinatzailea, eta Jon Mikel Caballero zinemagile eta gidoilaria.

Jaialdiaren egunez eguneko programazioa kontsultatzeko, film bakoitzaren inguruko informazioa xehatzeko zein orotariko datuak ezagutzeko, sartu FANT jaialdiaren atari digitalean.