2019an estreinatutako Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi sortzaile gipuzkoarren La trinchera infinita, Daniel Calparsoro Bartzelonan jaiotako zinemagile euskaldunaren El silencio de la Ciudad Blanca eta Galder Gaztelu Urrutia bizkaitarraren El Hoyo film laudatuak eskainiko dituzte maiatzean ETB2ko La noche de… zinemari eskainitako programa klasikoan. Hiruren artean 33 sari pilatu dituzte azken urteetan.

Felix Linares aurkezlearen La Noche De… saio ezaguna zinemari buruzko programa erreferentea da Euskadin, eta oro har, harrera beroa izaten du astearte iluntzeetan. 25 urteko ibilbidean orotariko filmak eskaini dituzte, eta maiatzean gurean ekoitzitako hiru proposamen eskainiko dituzte: 2019an estreinatutako La trinchera infinita drama, El silencio de la Ciudad Blanca thrillerra eta El Hoyo distopia fantastikoa.

Maiatzaren 11n, hain zuzen, Higinio Blancoren istorioa izango da ikusgai, 67. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Garaño, Goenaga eta Arregiren maisulana. Gerra Zibila hasten den unean, bere bizitza mehatxupean sentituko du filmeko protaognistak, eta etxeko zoruan egindako zuloan ezkutatuko da, Blanca emaztearen laguntzarekin. 30 urtez luzatuko den itxialdiaren jarraipena egingo du ikus-entzunezkoak, egoeraren gordintasuna agerian utziz. Zinemaldian bertan zuzendaritza onenaren eta gidoi onenaren sariak, besteak beste, jaso zituen, eta Goya sarietan emakumezko aktore onenaren (Belen Cuesta) eta soinu onenaren (Iñaki Díez, Alazne Ameztoy, Santi Salvador eta Nacho Royo-Villanova) sariak.

.

Hilaren 18an, ostera, La Ciudad Blanca (Eva García Sáenz) trilogiaren lehen eleberrian oinarritutako El silencio de la Ciudad Blanca thriller dramatikoa emango dute. Belen Rueda eta Javier Rey aktoreek antzeztu dituzte Calparsorok gidatutako filmeko protagonisten paperak. Filmazioa Gasteizen errodatu zuten, bertako hamazazpi lokalizazio baliatu baitzituzten eszenatoki gisa, tartean, Katedral Zaharra, Burulleria plaza, Harategien kantoia, erdi-aroko hesia, Etxanobe lorategia, Andre Mari Zuriaren plaza, Kordoi Etxea eta San Martineko bulegoak. 20 urteko bi gazteren hilketaren ostean, 20 urte libre daramatzan hiltzailea aurkitzeko ikerketa jarraituko du filmak.

.

Maiatzeko azken asteartean, hilak 25, azkenik, suspentse eta beldurrezko El Hoyo proposamenak hartuko du pantaila. Sitgesen, Toronton eta nazioarteko dozena bat jaialditan eskaini zein saritu duten film distopikoak (Toronton ikusleen saria jaso zuen, eta Sitgsen lau garaikur nagusiak) kartzela bertikal batean espetxeratutako presoen errealitatea bistaratuko du. Egunero, janariz betetako plataforma goitik behera jaisten da, maila bakoitzean segundo batzuk eginez, eta beheko presoak goikoen soberakinekin konformatu behar izaten dute. Lana 190 herrialdetan estreinatu dute, eta Netflix plataforman dago ikusgai, La trinchera infinita bezalaxe.

0