Zuzendaria: Josefina Molina
Urtea: 1981
Herrialdea: Espainia

 

-Ordu eta erdi Lolarekin-

2018an, Alice Guyren Madame a des envies (1907) film laburrak ireki zuen “Hasieratik. Zinema feministaren historiak” izeneko zikloa Tabakaleran, “emakume zinemagileen eskutik eta emakumezkoen ahotsek lagunduta” zinemaren historia hegemonikoak izkiriatutako obrak berreskuratu eta tentuz baliosteko proposamena luzatzen ziguna. Dagoeneko Tabakaleran fokuaren hirugarren edizioa martxan den bitartean, Gasteizko Artium Museoan proposamenaren ahizpa txikiak bigarren edizioa abiatu zuen apirilean.

Hain zuzen ere, hantxe izango dugu datorren larunbatean, maiatzak 8, Josefina Molinaren Función de noche (1981) bikaina ikusteko aukera, Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordearen eskutik, gainera. Apirilean aurkeztutako Chantal Ackermanen News from home (1977) eta Josefina Molinaren Función de noche-rekin batera, geurean izango ditugu Margarita Ledo, Diana do Teixeiro, Helke Sander, Nina Menkes eta Claire Simon zuzendarien obrak.

Función de noche frankismo garaian hezitako emakumearen erretratua da, trapu zikinak etxean garbitzeaz nazkatu eta, bikote ohia izandakoaren aurrean, eremu pribatuaren gotorlekua saminez leherrarazten duena. Modu horretan aurkezten zaizkigu Lola Herrera eta bere senarra izandako Daniel Dicenta, lehenengoak Miguel Delibesen Cinco horas con Mario antzezlanean Carmen Sotillo alargunaren paper gogoangarria eskuratu eta gutxira.

Filmak Lolaren kamerino barnera garamatza, non zortzi kamerek erregistratzen duten bi aktoreen arteko elkarrizketa gazi-gozoa, Carmen Sotillok zendutako senarrarekin izandakoa gogora ekartzen diguna. Eserita dago Lola. Lorratz teatrala galtzen ez duen ahots hunkitu bezain patxadatsuaz adierazten ditu ezkondutako urteek ekarritako ezinegona, bakardadean hartu behar izandako ardura guztiak edo betidanik besteen nahien arabera bizitzeko mandatua. Bien bitartean, Daniel kamerino txikian gora eta behera mugitzen da. Hark tentuz hitz egiten du, bere buruari denbora eskainiz; hausnarketa eta usteak botatzen ditu, entzuna izatera ohitua dagoenaren segurtasunaz.

Gidoirik gabe grabatutako elkarrizketa hori erronka izugarria bihurtu zen Josefina Molinarentzat, estatuan zuzendaritza zinematografikoan graduatutako lehen emakumea izateaz gain, Cinco horas con Mario antzezlanaren zuzendaria ere bazena. Izatez, zaila zen aurreikusten lortutako materialak sorraraziko zuen interes maila, protagonistek noraino irekiko zituzten haien barneak eta hura nahikoa izango ote zen filmaren mamia sostengatzeko. Alabaina, emaitza apartekoa da eta, gaur egun, indar bereziz kolpatzen gaituzte Lolaren hitz zein malko bakoitzak. Izan ere, Funcion de noche emakume zehatz baten erretratua bada ere, belaunaldi oso bat du ikusmiran eta, tamalez, oraindik zeharo garaikideak zaizkigu aipatzen diren frustrazio eta beldurretatik asko.

Kamerino barruan Lolak egiten dituen aitorpen gordin eta zintzoez gain, badira bere bizitzako beste zenbait eremuri erreferentzia egiten dioten eszenak, horiek bai, gidoiaren araberakoak. Esaterako, dibortzio eskaeraren irakurketa, igarleari bisita edo bular-ebakuntzari begira medikuarenera bidaia. Nieves Martinek muntaketan maisuki egindako lanari esker, hori dena ondo baino hobeto josita geratzen da estropezurik gabeko hari dinamikoan.

“Begiratu nazazu, Mario! Bakarrik nago! Berriz bakarrik! Bizitza osoa bakarrik!” Carmen Sotillok botatzen ditu hitz etsigarriok Delibesen eleberriaren hasieran. Nik sinetsi nahiko nuke Carmenek, noizbait edo nonbait, Lola aurkitu izan balu haren bakardadea ez litzatekela hain jasanezina izango. Halaxe ere, Lolaren bakardadea arindu egiten da, nola edo hala, Carmenekin oholtza gainean elkartzen den bakoitzean, bi emakumeek bat egiten dutenean. Lotura polita, bi emakumeen artekoa, fikzio eta errealitatearen artekoa.

Hala bada, Lolaren bakardadea, emakumeon bakardadea, sendatzeko bidea irekitzen du Función de noche-k bere samurtasun eta gogortasuna direla medio. Bakardadea uxatzeko hamaika bide ditugu eta, kasu honetan, pantailari begira bat topatu dezakegu; izan Lola eta Josefinarekin, izan Alice, Chantal, Margarita, Diana, Helke, Claire edo Ninarekin.

+3