Araizko eta Beteluko Udalen ekimenez eta Labrit Ondarea ekoiztetxearekin laguntzarekin, bi udalerri horietako herritarren ahozko memoriaren transmisioa egingo duen Araxesen gainetik, Malloren azpitik dokumentala osatu dute. Estreinaldia ostiralean, maiatzak 7, egingo dute Arizko udaletxean, Arriben, eta bi pase izango dira.
Orain hamar urte, Araiz eta Beteluko udalek beren memoria immateriala biltzeko erabakia hartu zuten, eta herritarren artean elkarrizketak egiten hasi ziren. 22 lagunen testigantzetatik abiatuta, jasotako informazio hori transmititzeko tresna gisa erabiliko duten dokumentala osatu nahi izan dute Labrit Ondarea ekoiztetxearen eskutik, eta 2020ko udan egin zituzten errodaje lanak. Beteluko Uraren babesa izan zuten, eta 60 herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte aktore lanetan, mendiko irudiak jasotzen, eta abar.
Bi udalerrietako aitona-amonen testigantzen bidez, XX. mendeko ohiturak, ogibideak, ospakizunak, harremanak, sinismenak, baina baita kontu gogor eta ilunagoak ere, hala nola, Aralarren umetatik artzain ibilitakoen esperientzia gogorrak, estraperloan aritzen zirenen pasadizoak zein Intzako herritarrek pairatu zuten sorgin-ehiza izan dituzte mintzagai. Bailarako egungo identitatea eta errealitatea ulertzeko altxorra da ikus-entzunezkoa, eta bide batez, sorgin-ehiza haren biktima izandako herritarrei omenaldi xumea egin nahi izan diete, haien lanbide, sinismen, ospakizun eta ohitura ugari egun mantentzen direlako.
Dokumentalaren estreinaldia maiatzaren 7an, ostirala, egingo dute Araizko udaletxean. Bi pase egingo dituzte: lehena 19:00etan, dokumentalean parte hartu dutenei zuzenduta; bigarrena, aldiz, 20:30ean, herritar ororentzat.