“Tunela zeharkatzea, laugarren dimentsiora pasatzea, kartzelara bueltatzea… Dokumental honek egin duen guztia guretzat memoria ariketa bat izan da”, dio Zamorako espetxean preso egon zen apaiz izandako Josu Naberanek aurkeztu berri duten Apaiz Kartzela dokumentalaz. Ritxi Lizartza, David Pallarès eta Oier Aranzabalek gidatutako lana Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zuten joan zen astean, apirilak 29, eta Xabier Amurizara espetxeko kidearekin eta Lizartza zuzendari eta ekoizlearekin batera izan zen Naberan prentsa agerraldian.

“Utopia bat. Hasteko, utopia bat iruditu zitzaigun plana aurkeztu zigutenean. Ez genuen gehiegi sinistu. Baina pixkanaka aurrera joan zen, gorpuzten eta burutzen, eta burutu egin da!”. Amurizaren hitzak dira, dokumentalaren aurkezpenean, hunkituta. Frankismo garaiko azken hondarretan, 1965 inguruan, gizarteak jasaten zuen zapalkuntza salatzen hasi ziren apaizak beren sermoietan, tartean, Amuriza eta Naberan bera, eta hainbatek kaleko manifestazioekin bat egin zuten. Horren aurrean, Espainiar estatuko 53 abade Zamorako espetxera preso bidali zituzten hainbat urtez, hutsik zegoen emakumeen hegalera, bakartuta; huraxe izan da munduan inoiz egon den abadeentzako kartzela bakarra. “Espetxealdia ekintza kolektibo bat izan zen, eta ez soilik bertan geunden apaiz taldearena, 60ko eta 70eko hamarkadetako olatu handi haren borroka baizik”, oroitu du Amurizak.

Gizon horien testigantzekin eraiki dute Apaiz Kartzela dokumentala, artxiboko irudiak eta Kote Camachoren animazioa tartekatuz, eta iraganera ez ezik, Zamorako kartzelara bertara ere bidaia egingo du ikus-entzuleak. “Bi kontzeptu horiek, apaiz eta kartzela, bat egitea nahiko deigarri gertatuko da edonon”, uste du Amurizak, eta proiektuan parte hartzea “bizitzak ekarri didan opari handienetako bat” dela nabarmendu du. “Pozik gaude, berriro baliotsu izateaz pozik”, borobildu du Naberanek.

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, apirilaren 28an, dokumentalaren estreinaldiaren aurreko egunean, egindako elkarrizketaren laburpena duzue honakoa.