Udaberriarekin batera loratuko da Donostiako Kresala Zineklubeko maiatzeko programazioa. Lau emanaldi iragarri dituzte, Txinatik, Japoniatik, Turkiatik eta Errumaniatik ekarritako proposamen banarekin. Lehen saioa gaur bertan, maiatzak 4, egingo dute, eta Wong Kar Wai zinemagile hongkongdarrari eskainitako atzera begirako zikloaren bosgarren emanaldia izango da.
Apirileko azken saioa Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean egin ostean, Leon Lai hiltzailearen eta Michelle Reis prostitutaren arteko harremanaren kontaketarekin zabalduko du Kresala Zineklubak maiatzeko programazioa gaur, 1995ean argia ikusi zuen Fallen Angels berreskuratuko baitute Donostiako Trueba aretoan. Wong Kar Wai sortzaileari eskainitako zikloaren azken aurreko emanaldia izango da, 19:00etan hasita.
.
Maiatzaren 11ko bigarren saioan, ostera, Gijongo zinema jaialdian iaz lehiatu zen Kaze no denwa (El teléfono del viento) japoniarra izango da ikusgai. Nobuhiro Suwak zuzendutako road movieak 17 urteko Haru gazteak Japonian zehar, Hiroshimatik Tokiora, Fukushimatik Otsuchira, egingo duen bidaia erakutsiko du. 2011ko tsunamiak eraman zizkion guraso eta anaiaren galerari aurre egingo dio horrela.
.
Hilaren 18an, aldiz, Turkiatik ekarritako Ghosts laudatua izango da ikusgai. Azra Deniz Okyay zinemagilearen opera primak Istanbuleko erretratu gordina egingo du droga negozio batean topo egingo duten lau lagunen bidez.
.
Maiatzeko azken asteartean, hilak 25, La Gomera film errumaniarrarekin itxiko dute zikloa, Corneliu Porumboiu sortzaileak 2019an Cannesko Sail Ofizialean estreinatu zuen thriller beltzarekin. Errumaniatik Kanarietako Gomera uhartera joango den salatariaren istorioa jarraituko du ikus-entzunezkoak; Gomerako txistua ikasiko du bertan, txistukatutako hizkuntza horren bidez mafiarekin komunikatu eta espetxean dagoen Zsolt kalera ateratzeko, hura baita 30 milioi euro non gordeta dauden dakien bakarra.
.
Emanaldien ordutegien inguruko informazioa eta datu osagarriak Kresalaren atarian topatuko dituzue.