Joan den astean XVIII. Giza Eskubideen Zinemaldia ospatu zen Donostian. Bertan izan nintzen, barrenak nahastuko zizkidan film bat ikusten egun bakoitzeko. Estimu handia diot zinemaldi horri; zinema entretenimendu hutsa baino gehiago denaren adierazle perfektua da. Ezinezkoa da Giza Eskubideen Zinemaldiko saio batetik sartu zaren bezala irtetea, eta hori zinearen magiaren zati handi bat da.

Marokotik datozen gazte migratzaileen istorioak entzun ditugu; mendebaldeko Sahararen egoera ezezagunagoak diren bi ikuspuntutatik bizitu dugu; Irango heriotza zigorraren ondorio anitzez jabetu gara; Siziliako herri txiki batean izan gara, Jesukristo beltz bat gurtu baina errefuxiatuak kanporatu nahi dituzten bizilagunekin; Balkanetako gerraren testigu izan ziren haurrak ezagutu ditugu, pertsona helduak jada; Txetxeniako errepublika egun burutzen ari den LGTBQ+ gazteen ehizatik ihes egiten saiatu gara eta hutu eta tutsien sarraskia haur baten begietatik bizitu dugu.

Horrela zerrendatuta, ezbehar horiek astebetean liseritzea ezinezkoa dela dirudi. Eta hala da. Denbora luzez izango ditut buruan bueltaka. Aretotik irtetean sentitutako amorru, ezintasun eta atsekabea ez ditut erraz ahaztuko; baina ikus-entzunezko lan batek ahalmen hori izateak liluratu egiten nau.

Zinematografikoki bikainak diren lanak ikusi ditugu; tentsioa eta erritmoa film guztian zehar mantentzea lortzen duten lanak, eta fikziozkoak ez diren lanak izanagatik ere, pertsonaien eraikuntza eta istorioaren bilakaera borobilak dituztenak. Begoña del Teso kazetariak saioen aurkezpenetan aipatzen zuen ez genuela filmaz gozatuko. Eta arrazoi zuen, ez nuke gozatu hitza erabiliko. Baina istorio soil bat kontatzeaz haratago doazen film horiek ikusi ondoren, eta ezintasun eta amorrua alde batera utzita, ase gelditu naizela esango nuke. Ase eta harro. Horrenbeste maite dudan arte honek lortu dezakeen guztiaz harro.

+1