Urriaren 1etik 16ra egingo dute Santurtziko Zine Jaialdiaren 9. ekitaldia, eta antolatzaileek ekimenaren bost atalak zein sarien zenbatekoa mantentzearen alde egin dute. Horrez gain, ostalaritza eta kultura seguruak direla erakusteko, emanaldiak hiriko tabernetan proiektatuko dituzte, eta iaz estreinakoz egin zuten Santurtzi Zine Lantegia jardunaldiak errepikatzeko asmoa ere iragarri dute.

Santurzine Zine Jaialdiak 9. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu berri du uztailaren 20ra arte. Bost ataletan bereiziko dituzte emanaldiak, hala nola, Santurtzi, Estatukoa, Ibiltariak, Kalean eta Euskal Pantailak, eta haietako bakoitzean ezaugarri zehatzak dituzten proposamenak bilduko eta eskainiko dituzte.

Santurtzi atalari dagokionez, lanak aurkezteko deialdia apur bat luzeagoa izango da, irailaren 12ra arte, eta hamabost minutu arteko filmak, udalerrian grabatutako plano bat (gutxienez) eskaintzen dutenak, aurkeztu ahal izango dira bertara. Estatukoa sailean, aldiz, 2020ko urtarrilaren 2tik aurrera egindako ekoizpen oro sartuko da. Ibiltariak atalak, bere aldetik, Amnisty International elkartearen laguntzarekin sortutako proposamenak bilduko ditu, eta Kalean izenekoak, Homeless Film Festival jaialdiari eta Bizitegi elkarteari lotuta, etxegabeak eta gizarte-bazterkeria aztergai dituzten ikus-entzunezkoak hartuko ditu. Euskal Pantailak atala, azkenik, zirkuitu komertzialetik at geratu ohi diren filmentzako izango da. Dena den, atal bakoitzari lotutako oinarriak festibalaren webgunean daude eskuragai.

Emanaldiak, ostalaritzan

Jaialdiaren bereizgarri diren tabernetako emanaldiak mantentzeko helburua dutela nabarmendu dute antolatzaileek, osasun krisiari lotutako neurri murriztaileen ondotik, babesa erakutsi eta kultura eta ostalaritza seguruak direla aldarrikatzeko. Izan ere, 2020ko edizioan bi emanaldi egin zituzten, eta inolako gorabeherarik gabe burutu ziren.

Era berean, iazko edizioan abiatu zuten Santurtzi Zine Lantegia mantenduko dute, Euskal Herri osoko gonbidatuak izango dituzten foroen bidez. Informazio osagarria festibalaren atarian duzue eskuragai.

0