Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak ezagutzera eman du bere 18. edizioaren palmaresa. David Franceren Welcome to Chechnya (2020) filma suertatu da garaile, bi sari nagusia eskuratuta: Publikoaren Saria Film Onenari eta Amnistia Internacional saria.

Iazkoan bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia indartsu itzuli da aurtengoan, osasun krisiari aurre egiteko neurriak indarrean direla. Apirilaren 23tik 30era ospatu dute Donostian, 36 filmez eta bost erakusketaz osatutako programazioarekin, eta antolatzaileak pozik azaldu dira atondu duten “egitarau zuhur baina aberatsarekin”.

“Urte bat beranduago bada ere, adinez nagusi egin zaigu jaialdia”, adierazi zuen Eneko Goia Donostiako alkateak ekitaldiaren aurkezpen egunean. “Iazkoarekin alderatuta, alde ederra dago”, gaineratu zuen, eta zinemak giza eskubideen ezagutzarako eta hedapenerako tresna gisa duen indarra azpimarratu, “ikusteko horren atseginak ez diren baina barrenak eta kontzientziak astintzen dizkiguten” filmen bidez.

Bada, 800 film labur eta 300 luze inguru aurkeztu dituzte pandemiaren osteko lehen ediziora, eta honenbestez, osasun krisiak lanen kopuruan eragin gutxi izan duela argitu zuen Josemi Beltran mostraren zuendariak. “Gure programazioaren zati handi bat dokumentalek osatzen dute, eta pandemia garaian genero horrek ez du etenik izan.

Hain zuzen, sail ofizialaren parte zen Welcome to Chechnya (David France, 2020) dokumentala nagusitu da ere palmaresean. Publikoa Errusiako errepublika horretan LGTBQ jendearen aurkako errepresoreei aurre egiten bere bizitza arriskuan jartzen duen jendearen ekinari begira jarri du lanak, eta Publikoaren Saria eta Amnistia Internacional saria eskuratu ditu, bi golardo nagusiak.

Bestalde, Julien Goudichaud zuzendariaren Confinés dehors (2020)film laburrak  eskuratu du Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenaren saria.

Ostiral arratsaldean, Victoria Eugenia Antzokian banatu zuten palmaresa, eta, ondoren, Zinemaldiari amaiera eman zion Petit pays (Éric Barbier; Frantzia-Belgika, 2020) filmaren emanaldia eskaini zuten.

0