David Pérez Sañudok zuzendutako eta Marina Parés gidoigilearekin elkarlanean idatzitako Ane arrakastatsuaren lan taldeak maiatz amaieran aurkeztuko du La colcha y la madre proiektu berria Semana de Cine de Medina del Campo film laburren topagune garrantzitsuan. Susana Abaitua eta Nieve de Medina aktoreek antzeztu dituzte filmeko ama-alaba protagonisten paperak.

P. Sañudo eta Parés bikoak egokitutako gidoi onenaren saria jaso zuen martxo hasieran banatu zituzten 35. Goya sarien ekitaldian, eta filmean parte hartu zuten bi aktore nagusiek, Patricia López Arnaizek eta Jone Laspiurrek, emakumezko aktore onenaren eta emakumezko aktore berri onenaren sariak erdietsi zituzten, hurrenez hurren. Gau borobila izan zen hura proiektuaren lan talde osoarentzat.

Bada, bi hilabete geroago, maiatzaren 28tik ekainaren 5era luzatuko den Semana de Cine de Medina del Campo film laburren jaialdian, aurkeztuko dute proiektu berria Paul Urkijoren Dar-Dar beldurrezko filmarekin eta Marina Palacioren Ya no duermo laudatuarekin batera. P. Sañudok zuzendutako La colcha y la madre laburrak, Palacioren obrak bezalaxe, jaialdiko sail ofizialean hartuko du parte.

La colcha y la madre 2020ko uztailean errodatu zuten Gasteizen, Ane luzearen ekoizpenaz arduratu zen Amania Films produkzio etxearen eskutik. Filmeko protagonistak Susana Abaitua aktoreak antzeztutako alaba eta haren amaren papera egiten duen Nieve de Medina dira. Lehena etxetik ateratzear dela helduko da bigarrena bisitan, opari bat eta albiste txar bat dituela esanez. Alabak presa handia du, senarrarekin eztabaidatu baitu eta haren erakusketa berrira garaiz heltzen ez bada, bien arteko harremana kolokan egongo delako. Baina ama entzutea erabakiko du.

Filmaren inguruan informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen.

0