Nafarroako Foru Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak 1,4 milioi euro bideratuko ditu Generazinema izenpean bildutako ikus-entzunezko sektorearentzako laguntza deialdi-sortara. Ekoizpena, garapena, bistaratzea, promozioa eta jaialdien antolaketa adarrak bereizi dituzte, eta 2020ko azarotik 2022ko urrira arteko epeari eragiten diote.

Bost dira Generazinema izenpean Nafarroako Foru Gobernuak ikus-entzunezko sektorea babesteko kaleratutako laguntza lerroak, eta deialdia zabaltzen lehena jaialdiei lotutako izan da. Zinema festibal eta topaketak antolatzeko enpresa eta profesionalei zuzendutako laguntzak dira, eta 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra gauzatutako ekitaldiei soilik eragiten die. 50.000 euro bideratu dituzte atal honetara, baina eskaerak aurkezteko epea iragan ostiralean, apirilak 30, itxi zuten.

Gainerako lau lerroak, dena den, egunotan kaleratuko dituzte Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Guztien artean partidarik handiena, 937.500 eurokoa, ekoizpenari lotutakoa da. Ekoizpen bidean daude proiektu labur zein luzeei zuzendutako laguntzak dira, fikziozko lanak, animazioak zein dokumentalak, eta filmaketa 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dute. Dena den, adar honek berrikuntza nagusi bat du aurtengoan: Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentuarekin elkarlanean finantzatuko dute, eta azken honek 300.000 euroko ekarpena egin dio aurrekontuari.

Garapenari lotutako lerroari dagokionez, aldiz, 250.000 euroko aurrekontua izango du, eta ekoizpenaren aurretiko fasean dauden proiektuei zuzenduko zaie. Besteak beste, egiletza eskubideen aitortzari, gidoiaren garapenari, castingari, produkzio plana prestatzeri, dokumentazio lanei zein lokalizazioen bilaketa prozesuari lotutako gastuak estaltzeko izango da. Fikziozko lanak, dokumentalak zein animazioak aurkeztu daitezke, baina kasu honetan, 60 minututik gorako filmak ala 30 minututik gorako telesailak izan beharko dira, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte gauzatutakoak.

Filmen bistaratzeari dagokionez, 100.000 euroko partida izango du 2021ean, eta Nafarroako zinema aretoei zuzenduko zaie. Programazio erregularrak, batetik, eta kulturari lotutako programazio bereziak, bestetik, diruz babesteko balioko dute.

Promozioari lotuta, azkenik, 66.000 euroko partida prestatu dute Nafarroan egoitza duten enpresa eta profesionalei haien ekoizpenak zabaltzera atzerrira joan daitezen. Bi adar nagusi ditu deialdiak: alde batetik, azoka eta jaialdietara joateko laguntzak, eta bestetik, filmen promozio eta publizitateari lotutakoak. Jarduera horiek guztiak 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

+1