Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak hilero antolatzen duen zineforumaren maiatzeko emanaldia hilaren 12an, asteazkena, egingo dute, eta bost euskal film labur eskainiko dituzte Lugaritz Kultur Etxean, 18:30ean hasita. Ander Gisasola Kresala Zineklubeko kideak gidatutako ondorengo solasaldian filmen egileek hartuko dute parte.
Maiatzeko emanaldian helburu bikoitza beteko du Bagera Elkarteak: batetik, euskarazko zinema ez komertziala sustatzeko saioa izango da, eta bestetik, ondorengo solasaldiaren bidez, ikusleen artean euskararen erabilera bultzatuko dute. Maiatzaren bigarren asteazkenean, hilak 12, egingo dute ekitaldia, eta film bakarraren ordez, euskal film laburren aukeraketa bat eskainiko dute, ondorengo bost lanak:
- Ekain Albite zinemagile zumaiarraren Haizearen egia 22 minutuko filma, Euskal Herrian bizi den Tahar 20 urteko sahararrak Tindufeko errefuxiatuen eremura egingo duen itzulerako bidaiaz, aitaren heriotza dela-eta.
- Nora Alberdiren Bigarren sexu(z): Collage 15 minutuko proposamena, Irene Arrarats itzultzaileak euskarara ekarritako Simone de Beauvoirren saiakera homonimoaren gogoetak egungo irudiekin eta euskal emakume feministen testigantzekin gurutzatzen dituena.
- Aitor Gametxo lekeitiarraren Hemen gaur berriz, Bitor eta Mikelek elkar ezagutuko duten unearen bi irakurketak aurrez aurre jarriko dituena.
- Imanol G. Gurutxagaren Nigandik 15 minutuko ekoizpena, Aitziberren (Aitziber Garmendia) eta haurtzaroko etxea eraistearen kontra borroka egingo duen aitaren (Jose Ramon Soroiz) historiaren bidez, dementziaren eta memoriaren inguruko gogoeta hunkigarria.
- Khuruts Begoñaren Deia 12 minutuko zientzia fikzioa, Dibok izeneko planeta berrira Euskal Espazio Agentziak bidaliko duen gizakiaren esperientzia jasoko duena.
Emanaldia 18:30ean abiatuko dute Antiguo auzoko Lugaritz Kultur Etxean, eta Kresala Zineklubeko Ander Gisasola kidea arduratuko da berau gidatzeaz. Proiekzioen ostean, gainera, solasaldia egingo dute, eta Albite, Alberdi, Gametxo, G. Gurrutxaga eta Begoña bertan izango dira, ikus-entzuleekin iritziak partekatu eta zalantzak argitzeko. Informazio osagarria Bagera Elkartearen atarian topatuko duzue.