Lankidetza hitzarmena sinatu dute Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik eta Tabakalerak, euskal ikus-entzunezkoen sektorearen hazkundeari laguntzeko eta haren garapen profesionala bultzatzeko. Bide horretan, datozen hilabeteetan gauzatuko duten prestakuntza plana aurkeztu dute.

Elkarlan honen bidez, jarraipena eta egonkortasuna bermatuko diote Europa Creativaren Euskadiko bulegoa 2013tik egiten ari den lanari. Izan ere, bi eragile sinatzaileek konpromisoa hartu dute euskal ikus-entzunezkoen sektorearen hazkundea sustatu eta haren parte diren profesionalen garapena bultzatzeko.

Lehen fruituak datozen hilabeteetan egingo diren -eta etorkizunean jarraipena izango duten- hiru prestakuntza-tailer dira. Ekainean egingo duten lantegiak Donostiako Zinemaldiaren partaidetza izango du, eta nazioarteko koprodukzioa izango du ardatz; bigarrenak, aldiz, Erich Pommer Institute-ren laguntza izango du eta banaketa digitalari helduko dio. Urritik aurrera egingo dutela iragarri dute.

Halaber, datorren urtean fikziozko gidoien eta dokumentalen garapenari buruzko tailer bat burutzea aurreikusi dutela azaldu dute. Saio guztiak aurrez aurre egiteko asmoa azaldu dute -osasun egoerak horrela ahalbidetzen duen heinean- eta hautatutako sei proiektuk aholkularitza pertsonalizatua jasoko lukete bertan.

Prestakuntza-egutegi xehekatua

Ekainaren 15etik 17ra egingo den lehen tailerrak nazioarteko koprodukzioan sakonduko du, eta garapen edo aurre produkzio fasean dauden film luzeen proiektuak dituzten ekoizleak izango ditu hartzaile. Hasiera batean, osasun-egoerak hala baimentzen badu, aurrez aurreko formatuan burutuko dira saioak, eta Marisa Fernández Armenteros ekoizlea arituko da aholkulari lanetan. Beste erronka batzuen artean, parte hartzen duten proiektuei Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan bazkide berriak aurkitzen laguntzea izango du helburu. Aldi berean, prestakuntza-ekintza honek profesional guztiei irekitako masterclass bat hartuko du bere gain. Honako hau ere ere Marisa Fernández Armenterosen gidaritza izango du, eta ‘Nazioarteko koprodukziorako aukerak zinemagintzan, merkatu global batean. Malabareak eta erronkak’ izenburupean egingo da.

Bigarren tailerra urriaren 20an eta 21ean izango da, eta ikus-entzunezko lanen banaketa eta marketin digitala izango ditu hizpide. Egitasmoa Erich Pommer institutuarekin elkarlanean antolatua izan da. Izan ere, erakunde hori Alemaniako eta Europako ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren industriako prestakuntza aurreratuaren hornitzaile nagusietako bat da. Kasu honetan, Nuno Bernardo idazle, zuzendari eta ekoizleak egingo du aholkularitza-lana, eta Tabakaleran masterclass irekia emango du.

Azkenik, hirugarren tailerra, fikzio eta dokumental gidoiak garatzera bideratutakoa, 2022 urtearen hasieran burutuko da. Proiektu kopuru txiki bati aholkularitza jasotzeko aukera emango zaio, eta masterclass irekia eskainiko du Miguel Machalski gidoilariak, gaian interesa duten guztientzat.

0