Iritsi da Giza Eskubideen Zinemaldia agurtzeko unea. Astebetez, donostiarrek jaialdiko 18. edizioan aurkeztutako filmez gozatzeko aukera izan dute, eta azken egunetan euskal ekoizpenekin, gainera. Batetik, Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallarès, Oier Aranzabal, 2020) ekoizpenak omenaldia egin nahi izan die diktadura frankista garaiko azken urteetan gizarteak jasaten zuen zapalkuntza bere sermoietan salatzera ausartu ziren abadeei. Ahotsa beraiei emanez, 1968tik 1976ra bitartean Francok eta Vatikanoak sinatutako Konkordatua baliatuta Zamoran sortu zuten espetxean bizi izandakoak gogoratuko dituzte Euskal Herriko, Madrilgo, Galiziako eta Kataluniako 35 apaizek (guztira 53 hartu zituzten atxilo) dokumentalean.

“Zein da presoak bete behar duen lehenengo legea? Kartzelatik ihes egitea”. Lema horrekin biziki sinetsita erabaki zuten ezerezaren erdian eraikitako hormigoizko lau pareta horietatik alde egin behar zutela, eta hala adieraziko digute gorroto edota amorrazio izpirik gabe Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika eta Eduard Fornés eliz-gizonek. Nondik: Zamorako kartzelatik bertatik. Noiz: handik atera zirela 50 urte pasa direnean.

Abadeen testigantzen bidez lotutako narrazioa gorpuzteko, dokumentazio lan izugarria burutu du Apaiz kartzela filmeko lan-taldeak. Protagonistek zulatutako tunel hura bezala, lan kolektiboan oinarritu da dokumentalaren sorkuntza: garai hartako bideoak, audioak, argazkiak, egunkarietako albisteak, Amurizaren beraren kantak… baina baita animaziozko irudi biziak ere. Puzzlearen piezak dagokien tokian ondo sartuta, bidaia bikoitza izango da hiru zinemagileek eskainiko dutena: itzulerakoa preso egon ziren apaizentzat, ahanzturatik izartuko gaituena gu guztiontzat.

Ez da nolanahikoa Ritxi Lizartzak, David Pallarèsek eta Oier Aranzabalek onartu duten erronka, munduan inoiz egon den apaizentzako kartzela bakarrera preso bidali zituzten abadeak elkarrizketatzea, zertarako eta kontatu gabe zegoen Euskal Herriko historiaren istorio eta protagonista ezezagunak ezagutarazteko. Memoria historikoa berreskuratzeko ariketa izango da filma, publiko zabalarengana hurbiltzeko intentzioz egindakoa. Gaiaren inguruko argitalpen idatziak badaude, baina zinemak beste dimentsio bat eman dio, eta estreinaldira hurbildutako apaizek hunkituta eskertu dute Antzoki Zaharrean jasotako babesa. Txalo zaparrada artean hartu dituzte ikus-entzuleek.

Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallarès, Oier Aranzabal, 2020)

Bestetik, lehiaketaz kanpo aurkeztu du Javi Julio argazkilari, kazetari donostiarrak bere azken lana: Aita Mari (2020). 2015ean Greziako Lesbos uhartera Afrika iparraldeko herrialdeetako errefuxiatuak iristen hasi zirenean egin zuen auziak eztanda, eta hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) berehala hartu zuten gerratik ihesi Europa helburu duten gizon-emakume zein haurrak erreskatatzeko ardura. Tartean, Iñigo Mijangosi eta Iñigo Gutiérrezek, besteak beste, sortutako Itsas Salbamendu Humanitarioa taldeak. Hala, Julio zinemagilearekin harremanetan jarri, eta bi urte luzez, auzolanean, herritarren laguntza eta konpromiso desinteresatua medio, martxan jarritako proiektua hasiera-hasieratik dokumentatzeko eskatu zioten.

Stella Maris Berria izandako hegaluze itsasontzia zaharberritu, boluntario-sarea osatu eta Aita Mari izenez batailatutako ontziak Getariatik Pasaiara, baina batez ere, Euskal Herritik Mediterraneo itsasora, nola bidaiatu zuen ezagutuko dugu. Horiexek eman beharreko pausuak, Juliok dokumentalean erakutsi beharko lituzkeenak. Baina gidoia idazteak ezer gutxirako balio duela konturatuko gara, administrazio publikoaren esku-sartzeak guztiz baldintzatuko baitu jatorrizko planteamendua. Hala, ikus-entzuleak sentimendu eta emozio andana biziko dituzte protagonistekin batera: hasierako ilusioa, inpotentzia, politikarien eraginkortasun eza eta burokraziak eragindako nekea…

Aita Mari (Javi Julio, 2020)Aita Mari (Javi Julio, 2020)

Aita Mari (Javi Julio, 2020)

Aita Mari ontzia itsasoratzeko Espainiako agintariek jarritako trabek osatuko dute narrazioaren gorputza, bertan planteatuko baitu dokumentalak Europar Batasunari Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko boluntarioek eskatuko dioten hausnarketa sakona: “Zergatik egin behar dugu herritarrok salbamendu lan hau, eta ez Estatuek?”. Gehi diezaiogun galdera ikur potolo bat, Covid19aren pandemiak mundua astindu duela jakinik, errefuxiatuen giza eskubideak are gehiago urratzeko arriskua baitago. Izan ere, zer gertatuko da errefuxiatuekin? Eta erreskate ontziekin? Bermatzerik al dago boluntarioen osasuna eta segurtasuna? Nola jokatu kutsatuta etor litezkeen pertsonekin?