Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak film luzeak, telesailak eta telesail laburrak garatzeko 2021eko diru-laguntza deialdia kaleratu berri du. Proiektuak aurkezteko epea hilabetez luzatuko da, ekainaren 1era arte, eta 400.000 euroko aurrekontutik 250.000 euro bideratuko dituzte film luzeen atalera.

Ikus-entzunezko film eta telesailen ekoizpenaren aurretiko garapen faseari lotutako gastuak finantzatzen laguntzen 2021eko deialdiaren araudia argitaratu dute gaur, apirilak 30, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Izan ere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren proiektuen garapenerako lerrori lotuta, film luzeak ez ezik, nazioarteko ikus-entzunezko industrian berebiziko pisua hartu duten telesailen ekoizpena ere babesteko asmoa du, ikus-entzunezko industriarentzako aukera-produktu gisa ulertuta, eta hala, bi azpisektoretan bereizi dute deialdia.

2021 eta 2022 urteetan egingo diren garapen gastuei zuzendutako deialdia da, eta aurrekontua 400.000 euroko da guztira: 250.000 euro filmen garapenerako eta 150.000 euro telesail eta telesail laburrenerako. Dena den, filmen kasuan, proiektu bakoitzak ezingo du gehienez ere 25.000 euro jaso fikziozko lanen eta dokumentalen kasuan, eta 40.000 euro animazioenean. Kontuan izan behar da, halaber, film laburrak, gidoien sorkuntza eta eskabidea aurkezteko unean filmatzen hasita dauden proiektuak deialditik kanpo geratzen direla.

Proposamenak aurkezteko epea araudiaren argitalpenetik hilabetez luzatuko da, alegia, ekainaren 1era arte, eta eskaerak online zein modu presentzialean egin daitezke. Deialdiaren inguruko xehetasunak EHAAn topatuko dituzue.

0