16 ipuin, 5 antzezlan eta 5 film garatzeko egonaldiak eskainiko ditu Udalbiltzaren Geuretik Sortuak deialdiak aurtengo lehen edizioan. 26 artistaren lanak izango dira, eta haietako bakoitzak hiru aste inguru egingo ditu bere bizilekua ez den eta proiektuarekin bat egin duen udalerriren batean. Kulturaren alorreko izen ezagunek zein sortzaile berriagoek hartuko dute parte.

Urte hasieran zabaldu zuen Udalbiltzak tokiko eta euskarazko sorkuntza sustatzeko deialdira proposamenak aurkezteko epea, eta jasotako 73 proiektuen artean, hamar lagunez osatutako epaimahaia martxoaren 23an bildu zen aukeraketa egiteko. Hurrengo egunean, halaber, bigarren saio bat egin zuten sortzaile bakoitza zein udalerritara joango zen ebazteko.

Hala, 26 izan dira, orotara, programan parte hartzeko hautatuak izan diren artistak: 16 idazle, 5 zinemagile eta 5 antzerki konpainia. Kulturaren alorreko izen handiak zein sortzaile berri edo ezezagunagoak daude tartean, Udalbiltzaren hitzetan, “era guztietako heterogeneotasuna” bermatzea izan baitute jomugan, baita gaiaren, adinaren, lurraldetasunaren zein generoaren alorretan ere.

Literaturaren atalean, hain zuzen, Maitane Perez (Amasa-Villabonan egingo du egonaldia), Iñaki Martiarena (Araitz, Betelu eta Larraunen), Ugaitz Agirre (Artziniegan), Yolanda Arrieta (Etxarri Aranatzen), Nahia Zubeldia (Larrabetzun), Garazi Albizua Castelao (Leitzan), Nefer Olaizola (Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarrenen), Maialen Akizu (Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosillan), Sarai Robles (Ondarroa eta Berriatuan), Iban Garro (Urepelen), Itxaro Borda (Usurbilen), Edorta Jimenez (Uztaritzen), Peru Calabaza (Zaldibin), Danel Lauzirika (Zestoan), Bertol Arrieta (Zuian) eta Fito Rodriguez (Zumaian) izan dira hautatuak.

Zinemari dagokionez, Raul Barrerasek (Hernanin), Josu Martinezek (Baigorrin), Leire Egañak (Galdakaon), Kamikaz kolektiboak (Tafallan) eta Eñaut Castagnetek (Beran eta Lesakan) osatu dute zerrenda, eta Tanttaka Teatroak (Arrigorriagan), Metrokoadroka sormen laborategiak (Atarrabian eta Uharten), Oier Zuñigak (Bergaran), Lore-more konpainiak (Oiartzunen) eta Bon bon noir konpainiak (Oñatik) hartuko dute parte deialdian. Hiru astera arteko egonaldiak izango dira, eta herriaren errealitatea oinarri hartuta edota harekin batera adostutako gairen baten inguruan garatu beharko dute sorkuntza.

+1