Ekainaren 7tik 12ra luzatuko da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren 14. ekitaldia, eta antolatzaileek programazioaren zertzeladak aurreratzen jarraitzen dute, egitarau osoa iragarri aurretik. Dabadaba aretoa jarduera paraleloen egoitza izango da aurten aurrenekoz, eta Tabakalerako Kutxa Kultur eszenatokian bi emanaldi berezi programatu dituzte.

Aurtengo edizioko film labur eta luzeen programazioa iragartzeke duten arren, jarduera paraleloen egutegia bete-beterik dakar, osasun krisia tarteko, ekainean egingo duten Dock of the Bay jaialdiak. Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan kokatutako Dock Live! diziplina arteko gunean, esaterako, bi saio berezi eskainiko dituzte hilaren 10ean eta 11n: ostegunean, 19:00etan, Richard Mascherin dantzariaren Caer, caer, caer performancea eta proiekzioa, eta ostiralean, 19:30ean, Aitor Etxebarria eta Hannot Mintegiaren Desde la Aleatoriedad kontzertu eta proiekzioak. Kutxa Kultur Plazaren video-wallean, halaber, Musikeneren lanak eskainiko dituzte egunero 12:00etan, 13:00etan eta 20:00etan, The Body, the Gesture izenburupean.

Tabakalerako espazioak berebiziko garrantzia izango du jaialdiari lotutako ekitaldi paraleloei dagokienean, hilaren 11n eta 12an hainbat irratsaio grabatuko baitituzte bertan: Niño de Elche musikariak El disco de tu vida lan berria aurkeztuko du aurrenekoan, eta Inés Calero eta Laura Garciak zuzenduta, Docs&Talks irratsaioa egingo dute hurrengoan. Era berean, Carántula podcasta grabatuko dute bertan, musika eta azalen diseinua hizpide, eta Deustuko Unibertsitateko irratiari lotutako ikasgaien ikasleek Nuevos Públicos podcasta osatuko dute bertan.

Kolaboratzaile eta areto berriak

Era berean, jaialdiarekin bat egitea erabaki dute aurten Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek, musika ardatz duen zinemaren bidez, LGTBI+ kolektiboaren oinarrizko eskubideen aitortza egiteko. Elkarlanetik eratorrita Waiting for B (Abigail Spindel eta Paulo Cesar Toledo, 2015) eta Samantha Hudson (Álvaro Augusto, 2018) emanaldiak egingo dituzte Dabadaban hilaren 9an eta 11n, hurrenez hurren, 19:00etan. Eta hain zuzen, Dabadaba festibalaren espazio berri gisa aurkeztu dute aurtengoan, Dabadock izenpean. Bi proiekzioez gain, DJ batek lagundutako brunch saio bat egingo dute eta Las Penas boskoteak disko berria aurkeztuko du zuzenean.

Festibalaren inguruko informazio osagarria, Dock of the Bay atarian eskuragai.

0