Marc Parramon dokumentalgile katalana eta Amets Arzallus bertsolari eta kazetari euskalduna Altsasuko gertaeraren ondorengoak erretratatzeko dokumentala prestatzen aritu dira azken lau urte luzeetan, eta orain, postprodukzioa bukatu eta proiektua nazioarteko zabaltzeko finantzaketa eskuratzeko, crowdfunding kanpaina abiatu dute Verkami plataforman.

2016ko urriaren 15eko zorigaiztoko gauean Altsasuko taberna batean jazotako liskarrak zortzi gazteren atxiloketa eta gizarte oso baten altxamendua eragin zituen. Gertaeren berri jakindakoan, Marc Parramon dokumentalgileak eta Amets Arzallus kazetari eta bertsolariak Altsasura joan eta behaketa-ikerketa abiatzea erabaki zuten, ikuspegi intimo eta poetiko batetik, espetxeratzeak eta epaiketak hartu dituen hiru urteetan, hainbat protagonistaren egunerokoa jarraitzeko.

Lanaren grabaketak eta muntaketa amaitu dituzten honetan, postprodukzio fasean sartutako dago proiektua, eta astelehenean, apirilak 26, crowdfunding kanpaina jarri zuten abian Verkami plataforman. Koloreari, soinu edizio eta nahasketari, kredituei, azpidatziei zein kopiei lotutako kalitatezko akabera lortzea eta nazioarteko emanaldien zirkuitua egitea dituzte helburu, eta horretarako, 25.000 euro lortu nahi dituzte; bada, lau eguneko epean ia 10.000 euro jaso dituzte.

Zuzendarien hitzetan, Altsasuko kasua bizilagunen arteko gatazkatik harago doa, eta gure gizarteak hainbat hamarkadatan jasandako indarkeriaren zauriak sendatzeko zailtasunen isla da. Gizabanako guztioi eragiten diguten alderdiak ditu, hala nola, terrorismo kontzeptuaren erabilera zabalegia, gobernuaren autoritarismoaren hazkundea, poliziaren eta botere judizialaren arteko harremana… Egileen hitzetan, Altsasutik hasi, Minneapolisetik igaro eta Istanbuleraino, bada mundu osoa inguratzen duen auzi bat: gorputz armatuen aurreko herritarren babesgabetasuna.

Bartzelonako Massa d’Or Produccions ekoiztetxea eta Marmoka Films bilbotarra arduratzen ari dira ekoizpenaz, eta soinu banda Goya saria eskuratu berri duen Maite Arroitajauregi Mursego sortzaileak osatuko du.

Informazio osagarria eskuratzeko eta ekarpenak egiteko, sartu hemen.