Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, Marit Moum Aune y Rasmus A. Sivertsen zinemagile norvegiarren 2019ko proposamena Hego Euskal Herriko zinema aretoetara helduko da ostiralean, apirilak 30. Ametsak egi bihurtzen dituen diamante magikoaren kondaira du oinarrian.

Ilbeteko gauetan, ilargiaren argiak diamante magikoa ukitzen duenean, bere jabearen desioak egi bihurtzen ditu. Huraxe eskuratzea du amets Sablehortz kapitainak, itxuraz, munduko piratarik anker eta beldurgarrienak, bere ontzia urrez eta bitxiz bete ahal izateko. Baina Marco txikiak ihes egingo du harekin, eta ohartu gabe, Pinky, Veronica eta gainerakoak berau lortzeko lasterketa arriskutsuan murgilduko dira.

Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen zinemagileek osatutako proposamen dibertigarriak 2019an ikusi zuen argia Norvegian, eta bi urte geroago, Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, euskaraz estreinatuko dute gurean. Asteburuan, hain zuzen, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan izango da ikusgai, hala nola, Bilboko Golem Alhondigan, Durangoko Zugaza aretoan, Errenteriako Niessen zinemetan, Gasteizko Gorbeia zinemetan, Getxoko zinemetan, Iruñeko Golem La Morean eta Donostiako SADE kateko aretoetan izango da ikusgai. EiTBren 3 Klubeko kideek, gainera, 14 sarrera bikoitzen zozketan parte har dezakete.

Haur eta gaztetxoentzako filmak aretoetan euskaraz estreinatzeko ardura duen elkarteak 2021ean aurkezten duen laugarren lana izango da honakoa, Elfkinak (Ute Von Münchow-Pohl), Kranston Ikastetxea: Munstroen eskola (Leopoldo Aguilar) eta Tom & Jerry (Tim Story) lanen ostean.

Informazio osagarria Zineuskadiren atarian topatuko duzue.

0