Zuzendaria: Julien Temple
Urtea: 2020
Herrialdea: Erresuma Batua
-Jainkoa irlandarra izan balitz-
Esatera noana ez da inolako berritasuna, ezta harritzeko baieztapena ere: Crock of Gold (2020) dokumentalak sorrarazten duen interesa zuzenean proportzionala da The Pogues taldeak edo Shane MacGowan taldeko abeslariak berak ikuslean pizten duen interesarekiko. Nire kasuan, eskas samarra; filmari Epaimahairen Sari Berezia eman zion Zinemaldiko epaimahaiaren kasuan, dirudienez, altua. Dena dela, egin berri dudan aitortzaz haraindi ere, nork ez ditu maite punk izar adinduen kontakizunak?
The Poguesen abesti sonatuak bezalaxe, whiskey-jarioak jarraitzen ditu Crock of Gold-ek (2020), Shane MacGowanen bizitzak utzitakoak, hain zuzen ere. Irlandako Tipperary konderrian lau urterekin lehenengo garagardo eta zigarroak dastatu zituenetik, ospeak eta arrakastak ia hirurogei urte beranduago utzitako ajeraino jarraituko dugu folk doinu irlandarrekin 80ko hamarkadako punk eszena britainiarra irauli zuen hura.
Horretarako, MacGowanen testigantza hutsaz haratago, Julien Temple zuzendariak protagonistaren inguruan zabaltzen den pertsonen eta garaien sare aberatsa konposatzen du, modu eta material zeharo ezberdinak punk eta folk musiken zurrutada luzeekin tartekatuz. Protagonistari zein bere gertukoei egindako hainbat elkarrizketa, txuri-beltzezko haurtzaroko pasadizoen berregiteak, taldearen grabaketa argitaragabeak, artxibo irudiak, animazioa… Etengabe aldatzen dago pantailako irudia, gazte punk horiek guztiek eszenatokian botatzen zuten amorrua gogora ekarriz. Nire aburuz, baina, asmo bortitza ez da irudi eta erritmoen nahaste-borrastea justifikatzeko nahikoa.
Antzerako arazoa pairatzen dute aipatzen diren gai eta gertakari historiko ezberdinek, MacGowanen bizitzaren abiadura hartzen duen zurrunbilo zinematografikoan harrapatuta geratzen direnak. Hala, aipatu eta segituen ahaztu egiten dira Irlandaren Independentziako Gerra, Gosete Handia edota IRArekiko atxikimendua, auziok MacGowanekin izandako lotura oso garbi geratzen ez delarik. Filmak musikariaren bizitzaren hain irudi handia eskini nahi du, non hamaika bide irekitzen dituen eta, azkenean, horien guztien artean galduta agertzen zaigun On Shane, bere ahots zarpaildu eta barre karrankariaz.
Dokumentalak konfiantza osoa ipintzen du protagonistaren argitasun umoretsuan, iragandako garai distiratsuetan eta kontatzen diren pasadizo zoroetan, ikuslearen arreta 124 minutuz mantentzeko nahikoa izango direlakoan. MacGowanen istorioa zeharo deigarria bada ere, horrekiko interesa agortu daiteke, eta une horretan, ez da gehiegi Templek eskaintzeko duena. Hala eta guztiz ere, gozatzeko material adina berreskuratu eta eskaintzen du Crock of Gold-ek, The Pogues taldearen freskotasun eta axolagabekeria guztia propio egiten duena.
Garagardo litro ugari, poesia mordoa eta bizitzeko nahi basatia dira dokumentalaren mamia, abailan eta miresmen izugarriz sortua izan dena. Argi dago bardo punkaren jarraitzaileentzat gutizia bihurtuko dela Crock of Gold; aldiz, ni neu bezala aurreiritzi gehiegirik gabe filmera hurbildu garen guztiontzat, pertsonaia ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke. Hori bai, talde batekoa edo bestekoa izan, biek ala biek izango dugu Shane ikonoarekin topa egiteko aukera eta, nahi izanez gero, bere bertso ederrak deiadarka abesteko parada ere.