David Beriain eta Roberto Fraile kazetari euskal herritarrak Burkina Fason erail dituztela ezagutu dugun egun berean proiektatu dute Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Àngel Leiro eta Airy Maragall zinemagileek zuzendutako Álbum de posguerra (2020) dokumentala, Gervasio Sánchez gerrako argazkilari ezaguna gidari duena. Espainiarrak ondo ezagutzen zituen Beriaun eta Fraile, eta hunkituta azaldu da taula gainean emanaldiaren osteko solasaldiaren aurretik ikus-entzuleek eta hizlariek egin duten minutuko isilunean. Ofizioa partekatu dute urte luzez, are gehiago, 2011n Giza Eskubideen Zinemaldian lehiatu zen Los ojos de la guerra (Roberto Lozano Bruna) dokumentalean parte hartu zuten, besteak beste, Frailek (argazki zuzendaria) eta Sanchezek (filmeko ahotsetako bat).

Álbum de posguerra (Àngel Leiro eta Airy Maragall, 2020)
Gatazka eremuetan kamera aldamenean darabilelako da Álbum de posguerra laneko protagonista ezaguna, baina oraingoan memoria ariketa pertsonal batean barneratuta azalduko zaigu. Balkanetako gerra bukatu zela 25 urte pasa direnean, Sarajevora itzuliko da Sanchez, noiz eta komunikabideek dagoeneko gatazka hura ahaztuta dutenean: “Bizi izandakoa hobeto ulertzen saiatzeko asmoz itzuli naiz bertara. Beharrizan morala sentitu dut, erretratatutako neska-mutilez arduratzekoa”.
Gerraoste amaigabea sufritzen ari diren hiritarrekin bilduko da espainiarra, izan ere, 1992 eta 1996 bitartean setiatuta egon zen Sarajevoko haurren bitartez egingo digu gaur egungo egoeraren marrazkia. Sanchezek zuri-beltzean aterako argazkietan betirako ahaztuak izateko arriskuan egon diren testigantza eta istorioak ezagutaraziko dizkigute Leiro eta Maragall zuzendariek: kolunpio batean jolasean ari diren bi ahizpa, atzean NBEko ibilgailu bat dutela. Edota kiskalitako autoen gainetik saltoka ari den mutiko talde bat. Zulatutako eraikinetako paretetan saskibaloian ari diren gaztetxoak… Tiro-hotsek nolabaiteko bake-uneak errespetatu bezain laster ezkutalekuetatik irten eta kalean aske sentitu ziren inuzenteak.
Ume horiek nagusi bilakatu dira, seme-alabak dituzte, ofizio bat… baina gerrak lapurtutako haurtzaroa ezin berreskuratuko dute, oraindik ere gerraosteak bere horretan dirau-eta. 25 urteren ondoren Jugoslavia zatitu egin da, ez da existitzen, eta lurralde-banaketak ez du arazoa konpondu. Gatazkak bizikidetza-loturak berrezartzen direnean bukatzen direla aldarrikatuko du Gervasio Sánchezek dokumentalean, eta ez bake-itunak sinatzen direnean, are gutxiago “Wikipediak hala dionean”.
Ikuspuntu ezberdinetatik bada ere, adingabeak hizketagai izan dituzten saioek presentzia nabarmena izan dute Giza Eskubideen Zinemaldiko lehen egun hauetan. Baina bizitzak egin bezala, Álbum de posguerra laneko neska-mutilek egin bezala, jaialdi donostiarrari ere badagokio aurrera egitea, eta adinez nagusi bilakatu dela ospatzen ari den 18. edizio honetan tarte berezia eskaini nahi izan diote programatzaileek etorkizunean datorkigunari. Zahartzaroari.
Ezinezkoa zaigu jakitea 100 urte betetzera iritsiko garen edo ez. Gure esku egon daiteke bizitza osasuntsu bat eramatea, baina patuak zerbait ezustekoa izan dezake guretzat gordeta. Horregatik da berezia jatorri perutarreko Heddy Honigmann zinemagileak 100UP (2020) bere azken lanean elkartu dituen zazpi hiritarren testigantzak ezagutzea: ezer kobratu gabe oraindik ere ospitalean lanean diharduen sendagile bat, Bigarren Mundu Gerran errefuxiatu izan zen eta nazien jazarpena jasan zuen emakume bat, gaztetan bateria jotzaile izandako eta ahizpekin osatutako bandarekin hainbat urtez biran ibilitako emakume bat, sexu aholkulari bat… profil anitzetako gizon-emakumeen egunerokotasunean murgilduko gaitu zuzendariak.

100UP (Heddy Honigmann, 2020)
Ondo aukeratu ditu Honigmannek pantaila aurrean agertuko direnak. Bizitzari eskainitako kantu bat da 100UP, adina zenbaki huts bat soilik izan daitekeela erakutsiko diguna. “Bizitza fenomeno zoragarria da. Bizitza mirari bat da”, entzungo diogu bati. Bere izeba 106 urtera arte bizi izan zela-eta, berak ere beste horrenbeste “irautea” helburu duela esango digu beste batek. Baina, kontuz, ezin mitifika daiteke pantailaren beste aldean ezagutuko ditugun istorioek osatuko duten idilioa. Ez da ohikoa, nahiz eta adituen esanetan gero eta gehiago izango diren datozen hamarkadetan 100 urteak pasa ere egingo dituzten biztanleak.
Denboraren joanak ahalbidetuta, gizon-emakume protagonistek hausnartzeko tartea izan dutela ikusiko dugu 100UP dokumentalean. Eta bada ia denek errepikatuko duten sentimendu bat: bakardadearena. Ez horrenbeste beraiek senti dezaketena, kontuan izanda mendea igaro dutela zutik, bizitzari adarretatik eutsiz, baizik eta belaunaldi berriongan sumatuko dutena. Urteak joan ahala beraien lagunak, senitartekoak etab. hiltzen ikusi dituztela aitortuko digute, baina gizartea garatzen eta unean uneko egoeretara moldatzen joan den heinean, gizabanakoa bakartzen joan dela diote. Eta protagonisten sentimendu orokorrari irudiak jarriko dizkio Honigmannek, modu inkontziente xamarrean bada ere. Zeharka iradokiko digu azken hamarkadetako gaitzik larriena hain zuzen ere elkar konektatua egoteko asmatutako gailuek eragin dutela, mugikorrek, alegia.