Apirilaren 23tik 30era Donostian egiten ari diren Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren Sail Ofizialean aurkeztuko dute Apaiz kartzela dokumentala. 1968-1976 aldian Francok berak, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua baliatuta, Zamoran sortu zuen apaizen kartzelan preso egon ziren 53 abadeen artean 35en testigantzak jasotzen ditu. Ritxi Lizartza, David Pallarès eta Oier Aranzabal dira filmeko zuzendariak, eta Lizartza bera arduratu da, Maluta Films ekoiztetxearen bidez, proiektua produzitzeaz.
Frankismo garaiko azken hondarretan, 1965 inguruan, gizarteak jasaten zuen zapalkuntza salatzen hasi ziren apaizak beren sermoietan, eta hainbatek kaleko manifestazioekin bat egin zuten. Horren aurrean, Espainiar estatuko 53 abade Zamorako espetxera preso bidali zituzten hainbat urtez, hutsik zegoen emakumeen hegalean bakartuta; huraxe izan zen munduan inoiz egon den abadeentzako kartzela bakarra. Gehienak euskaldunak izanik, garaiko gizartean ezagun egin zen auzia, baina gaur egun erabat ahaztuta dago gertatutakoa, eta inor gutxik oroitzen du gizon haiek bizitakoa.
“Javi Barajas izan zen nolabait historia deskubritu zuena. Protagonistekin hitz egiten hasi zen, eta ikusi zuen dokumental bat egiteko aukera zegoela”, azaldu du Lizartzak, “historia ezezaguna zelako eta kontatu gabe zegoelako”. Orain bost urte abiatu zuten proiektua, “eta eskerrak hasi ginen! Apaiz horietako batzuk zoritxarrez hilda daudelako egun”. Publikoari demokrazia aurreko ikur handienetako bat deskubrituko diotelakoan daude, eta dokumentalak harrera beroa izango duela.
Donostian izan gara Lizartzarekin, eta jarraian duzue elkarrizketaren laburpen-bideoa.