Chloé Zhaok eta amets amerikarraren amaieraren inguruko Nomadland proposamenak historia egin dute Oscar sarietan, film eta zuzendari onenaren garaikurrak eskuratuta. Frances McDormandek emakumezko aktore protagonista onenaren saria erdietsi du film berean egindako lanagatik, eta ohiko ordena hautsita, ekitaldian banatutako azken garaikurra Anthony Hopkinsentzat izan da, gizonezko aktore protagonista onenaren kategorian, The Father filmean egindako langatik.

Ezohiko gala ospatu dute bart gauean Los Angeles hirian, Dolby Theatre antzokian eta Union Station geltokian, aldi berean, gauzatu dutena. Bi hilabete geroago eta ohi baino ikusle eta gonbidatu gutxiagorekin egin duten 93. edizioari lotutako ekitaldian Nomadland izan da garaile nagusia, hiru sari “soilik” eskuratu dituen arren, bi garrantzitsuenen jabe egin delako: film eta zuzendari onenarenak. Hala, Oscarren historian zuzendari onenaren kategorian nagusitzen den bigarren emakumea bilakatu da Zhao (Kathryn Bigelow izan zen lehena 2010ean The Hurt Locker lanagatik), eta zuria ez den lehenengoa. Filmean protagonistaren papera ez ezik, ekoizle lana ere egin duen Frances McDormandek, bere aldetik, emakumezko aktore protagonista onenaren garaikurra eskuratu du, bere ibilbideko hirugarrena, Meryl Streep, Ingrid Bergman eta Katherine Hepburnekin (azken honek lau ditu) bat eginez .

Hautagai ziren gainerako filmen artean bostek bina sari jaso dituzte, hala nola, The Father lanak gizonezko aktore protagonista onenaren saria galarekin bat egin ez zuen Anthony Hopkins beteranoarentzat eta egokitutako gidoi onenarena filmaren zuzendari ere baden Florian Zellerrentzat; hamar kategoriatan hautagai zen Mank (David Fincher) filmak argazki eta ekoizpen diseinu onenaren sariak; Shaka Kingek zuzendutako Judas and the Black Messiah proposamenak abesti eta taldeko aktore onenaren sariak (azken hau, Daniel Kaluuyarentzat);  Pete Docter eta Kemp Powersek zuzendutako Soul filmak animaziozko lan eta soinu banda onenaren garaikurrak; eta Sound of Metal (Darius Murder) ikus-entzunezkoak muntaia eta soinu onenarenak.

Taldeko emakumezko aktore onenaren kategorian, ostera, Yuh-Jung Youn hegokorearra nagusitu da Minari (Lee Isaac Chung) filmean egindako langatik, Glenn Close beteranoari aurrea hartuta. Jarraian ikus dezakezue irabazle guztien zerrenda.