Ostegunean, apirilak 29, abiatuko dute Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira zirkuituaren 18. edizioa Ordizian, eta maiatzaren 30ean Larrabetzun egingo duten azken pasera bitarte, Euskal Herriko 29 herritatik, orotara, igaroko da ekimena. 2019an eta 2020an ekoitzitako zortzi film labur eskainiko dituzte, tartean, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian zein BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian parte hartu duten proposamenak.

Sortzaileen lanak ezagutarazteko eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten beharrezko babesa eskaintzeko, Laburbira zirkuituaren 18. ekitaldia abiatuko dute ostegunean, apirilak 29, Ordizian. Kulturak eta ikus-entzunezkoek ezinbesteko dute hauspoa uneotan, eta sortzaile hasiberri zein profesionalen zortzi ikus-entzunezko hautatu ditu Euskaltzaleen Topaguneko ikus-entzunezkoen sailak, haien kalitate nabarmena tarteko, aurtengo ekimenean bistaratzeko, hala nola, Aterpean ateri (Ruben Crespo), Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga), Game Over (Ilune Diaz), Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Villanina eta Irene Zaldua), Agur (Iñigo Acha), Babarrun Txapelketa (Andoni Martinez de Madina eta Julen de la Serna), Datsegit (Aitor Arruti) eta Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs eta Eñaut Castagnet). Lanen artean dira Zinebi eta Mendi Film jaialdietan ez ezik, Huhezineman zein Kameratoia film laburren rallyan parte hartu duten ekoizpenak ere.

72 minutuko emanaldia izango da, eta besteak beste, Igorren, Elgoibarren, Ermuan, Irunen, Langraiz Okan, Areatzan, Izarran, Ubiden, Azpeitian, Getxon, Oionen, Etxebarrin, Aramaion, Usurbilen, Bergaran, Hernanin, Lazkaon eta Gasteizen egingo dituzte emanaldiak. Jarraian kontsulta dezakezue egutegi osoa eta informazio osagarria.