Ostiralean inauguratu zuen Yalda, A Night For Forgiveness (Massoud Bakhshi, 2020) film iraniarrak 18. Giza Eskubideen Zinemaldia, eta larunbat goizean ekin zion astebeteko zinema eskaintzari. 2020ko ekitaldia bertan behera uztera behartu zuen Covid19aren pandemiak, baina zinema aretoak berriz betetzeko gogoz itzuli da donostiarrek horrenbeste maite duten hitzordua. Eta hala izan da, lehenengo emanalditik bertatik.

Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen 3. Azokari ere hasiera emanez, lehiaketatik kanpo aurkeztu dute, beharbada azaletik begiratuta, jaialdiaren tematikarekin lotura gutxi izan dezakeela dirudien, baina bete-betean eragiten digun auzi bati buruzko dokumentala: Das Geheime Leben Der Bäume (Jörg Adolph, 2020). Peter Wohlleben basozain alemaniarrak izen bereko liburua argitaratu zuen 2015ean, eta ezustean best-seller bilakatu zen; hainbat hizkuntzatara itzuli zuten. Idatzizko saiakerak duen izaera pedagokikoari jarraipena emateko asmoz, Adolphe zinemagileak Wohllebenek munduan zehar emandako hitzaldiak, haurrekin zein nagusiekin basoetan egindako bisita gidatuak eta bere liburuaren aurkezpen saioak erakutsiko dizkigu. Basozainaren borroka aktibistak gidatuko du lana, haren sorkuntzako zenbait pasarte ere entzungo ditugularik. Zuhaitzen bizitza sekretuari buruzko ekoizpen bat, bai. Natura eta ingurumena jorratu ohi duen lan aspergarri horietako baten aurrean gaudela ezin esan daiteke baina.

Geheime Leben Der Bäume (Jörg Adolph, 2020)

“Zuhaitz bakar batek ez du basoa sortzen. Izaki sozialak dira, ekosistemak iraun dezan elkarlanean ari direnak”. Horra basozain alemaniarrak liburuan, eta zinemagileak dokumentalean, defendatuko duten ideia nagusia. Gizakion giza eskubideak osasun publikoarekin zuzenean lotuta daudela aldarrikatuko du Wohllebenek, eta horiek bermatzen direla soilik ingurumena errespetatuz. Zer gizarte eredu nahi dugun hausnartzeko bidea irekiko digu dokumentalak, izan ere, zuhaitzen metafora erabiliz, guri aldarrika ari dira idazlea eta ikus-entzunezko sortzailea.

Metaforak alde batera utzita, adingabeei eskainitako saioak izan dira nagusi jaialdiaren lehen egunetan. Planteamendu estetiko eta apustu formal ezberdinak erabiliz, jaialdiak betirako atzean utzi berri duen garai berberean zentratu dira Alfredo Torrescallesen Vidas menores (2020) eta Txekiar Errepublika astindu duen Caught in the Net (2020). Marokotik Europara bizitza duin baten bila emigratzen duten gazteen odisea erretratatuko du zinemagile espainiarraren dokumentalak. Beraien kabuz edota familiak behartuta, kamioien azpialdean ezkutaturik Ceutako adingabeen babes-zentrora lehenik, eta iberiar penintsulara gero, alde egiteak suposatzen dizkien buruhausteak ezagutuko ditugu lehen eskutik. Kale gorrian bizi dira, eta askok Europara iritsi bezain laster hautsita ikusten dituzte beraien ametsak. Sare sozialen biktima ere badira, izan ere, mitifikatuta dute gizarte mendebaldarreko bizimodua, sare sozialen bidez jasotzen duten munduaren errepresentazioa ez dator bat errealitatearekin.

Vidas menores (Alfredo Torrescalles, 2020)

Kameraren ardura berak izan badu ere, eta urtebetez haiekin bizi, lo egin eta bidaiatu badu ere, gazte marokoarren begiradan jarri du zuzendariak narrazioaren mamia. Errealismotik eraikitako dokumentala, kaletik sortutakoa, bertan murgilduz baino ezin zion gaiari eutsi. Ez da istorio nagusirik, hamaika dira ezagutu ditugunak, marokoar bakoitzak bere arrazoiak izango ditu, bere bidea egingo du, eta horiei ahotsa eman nahiko die zinemagile espainiarrak. Ihesaldiak, atxiloketak, eztabaidak, borrokak… ez dago antzezpenik, ezta adingabeak kamera aurreran drogatzen azalduko direnean ere. “Zertan ari da gizon hori”, entzungo diogu mutiko bati. “Gu filmatzen ari da, ahaztu ezazu”, erantzungo dio lagunak. “Ez gaitzala drogatzen filmatu. Graba gaitzala hobeto barrez, pozik”, berriz, aurrenekoak haserre. Dokumentaleko pasarterik gogorrena izango da, zalantzarik barik, Ismail Ennaimi filmeko protagonistetako batek proiekzioaren osteko solasaldian aitortu bezala, drogaren beharra bizirauteko ezinbesteko dutela jabetuko garelako: “Drogatzea dugu ez sentitzeko aukera bakarra, bizi dugunaz ez pentsatzekoa”.

Sare sozialak aipatu ditugu arestian, eta horiexek dira hain zuzen ere Caught in the Net filmaren gakoak: Internet eta adingabeak, konbinaketa arriskutsua. Dokumentalak herrialdea aztoratu du, inplikatutako hainbat subjektuen kontrako epaiketa judizialak martxan jartzea eragin baitu. Txekiar Errepublikako eskoletan proiektatu dute lana, hori bai, zinema jaialdietan lehiatzeko erabili duten muntaiaren bertsio leunagoa, bertan ikusgai dauden irudiak oso gordinak baitira.

Barbora Chalupová eta Vít Klusák zuzendariek esperimentu bat gauzatzeko deialdia ireki zuten. Baldintzak: adinez nagusi izatea baina 12 urteko neskato baten itxura izatea, eta haurrez jantzita aurkeztea. 23 neska gazte hurbildu ziren castingera (horietatik 19k adingabe zirenean Internet bidez abusuak jasan zituztela aitortu zuten), eta hiru aukeratu zituzten. Esperimentuaren nondik norakoak: 10 egunez, 12 urteko neskatoak bailiran, sare sozialetan profil faltsuak sortu eta beraiekin hizketan hasiko diren gizonezkoekin txateatu. Emaitza: 2.458 harrapakari sexual jarri ziren hiru aktoreekin harremanetan, eduki pornografikoak bidaliz, eskatuz eta txantajea eginez. Gizonezkoen masturbazioen irudi eta bideoak jasoko dituzte, eta guk bere horretan ikusiko ditugu, difuminatuta azalduko badira ere, ez zaio ikus-entzuleari hiru aktoreek jasan beharko dutena lausotuko. Jazarleek Internet bidez biktimengana hurbiltzeko duten erraztasunaz jabetzea beldurgarria da.

Caught in the Net (Barbora Chalupová eta Vít Klusá, 2020)

Dokumentalak, txekiar zinemagileen sorkuntzari hala dei badiezaiokegu, esperimentuaren sortze prozesua jasoko du, hau da, hiru neskatoek harrapakari sexualekin hizketan egiteko propio eraikitako logela faltsuak, filmaketa sistema, aktoreen eta dokumentalgileen arteko iritzi trukaketak, aurrez aurreko enkontruen muntaketa… Ezin uka daitekeen errealitate nazkagarria salatu dute zinema erabiliz. Gizartean eragin nahi izan dute, eta baita lortu ere. Caught in the Net filmak, baina, bere izateari buruzko zalantza moralak ere baditu beregain. Bai, Internet bidez adingabeez aprobetxatu diren gizon horien kontrako epaiketak abiarazi dituzte Txekiar Errepublikan, baina fikziozko errealitate bat sortu dute bi zuzendariek, eta herrialde guztietan ezinezkoa litzateke bertan gertatutakoa errepikatzea.

Manu Viota Ertzaintzako Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusiko buruak emanaldiaren osteko solasaldian hala azaldu du: “Legeak ez du dokumentalak jasotzen duen kasua ahalbidetzen, izan ere,  hiru neskatoak adinez nagusi dira, beraz, nahiz eta gizonezko horiek 12 urte zituztela uste izan, aktoreak dira eta ezingo litzateke epaiketarik martxan jarri”.

 

+5