Europako Zinemaren Akademiak datorren abenduaren 11n ospatuko du Berlinen European Film Awards sarien 34. edizioa, eta deialdira hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dute maiatzaren 31ra arte. 26 kategoria bereizi dituzte, azken urtean Europan egindako lanen eta haietan jardundako profesionalen kalitatea goresteko.

Europako zinemagintzaren aniztasuna eta kalitatea ospatzeko, ikusle berriak europar sorkuntzara erakartzeko eta Europako talentu berriak bistaratzeko helburu hirukoitza du Europako Zinemaren Akademiak urte amaieran ospatzen duen sari banaketa ekitaldiak. European Film Awards garaikurrak Berlinen banatuko dituzte aurtengoan, abenduaren 11n egingo dute galan, eta bertan hautagai izan nahi duten ikus-entzunezko zein profesionalentzako izen-emate deialdia zabaldu zuten joan zen astean.

Deialdia maiatzaren 31ra arte luzatuko da, eta kategoria bakoitzeko hautagaiek agiri jakin batzuk aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren oinarrietan zehaztutakoak. Izan ere, 26 dira, orotara, bereizitako kategorian, hala nola, film, komedia, dokumental, animazio eta film labur europar onenaren kategoriak, proiektuei dagokienean; zuzendari, emakumezko eta gizonezko aktore, gidoigile, argazki zuzendari, muntatzaile, ekoizpen diseinatzaile, jantziteria arduradun, makillaje eta ile-apainketa arduradun, soinu banda sortzaile, soinu arduradun eta efektu berezien sortzaile europar onenarenak, profesionalei dagokienean; eta garaikur berezien multzoan sartzen diren beste zortzi, hala nola, ibilbide profesional oso bati eginiko errekonozimendua, nazioarteko zinemetako lorpenei lotutakoa, koprodukzio onenaren saria, narrazio berritzaileenari emanikoa, zein ikusleen eta gazte ikusleen sariak, besteak beste.

Zinemari lotutako Europako institutuak, jaialdiak, aldizkariak, Europako Zinemaren Akademiak kideek zein bestelako industriako kideek aurkeztu ditzakete hautagaitzak, beti ere, europar jatorria duten ala bertan erroldatuta dauden norbanako eta enpresak badira. Jarraian dituzue kontsultagai deialdiaren oinarriak.

Iazko ekitaldian, hain zuzen, Iñaki MadariagaEl hoyo film distopiko sozialaren efektu berezien egile gisa, eta Yolanda PiñaFelix Terrero eta Nacho DiazLa trinchera infinita  filmeko makillaje eta ile-apainketaren arduradunak, saritu zituzten.