Gaur, apirilak 23, abiatuko dute Donostian Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioa, eta egitarau zabalaren baitan, Amnesty Internationalek aurkeztutako Emakumeak borrokan erakusketa jarri dute Udal Liburutegi Nagusian. Apirilaren 15ean zabaldu zituen ateak, eta hilaren 30era arte iraungo du.

Emakumeen giza eskubideak defendatzearren beren askatasuna eta bizitza arriskuan jarri dituzten hainbat andrazko ausarten historiak bildu ditu Amensty Internationalek Emakumeak borrokan sailean. Andrazko errefuxiatuen kontakizunak dira: aurrera ateratzeko elkartu eta bizitzeko leku seguru baten bila joandakoak, eskubide ekonomiko eta sozialen murrizketei aurre egin behar izan dietenak, gatazka armatuetako genero-indarkeria salatu eta horren aurka egin dutenak, zein enpresa eta gobernuen aurrean ingurumena defendatu dutenak. Beren herrialdeetako bizitza publikoan parte hartzeko zein beren gorputzen inguruan erabakitzeko baimena eskatu behar izateari uko egin, eta haienak diren eskumenak aitortzeko borrokan ari dira.

Erakusketa Giza Eskubideen Zinemaldiaren egitarauaren baitan aurkeztu dute, ikusizko arteen beste lau jarduerarekin batera. Apirilaren 15ean zabaldu zituen ateak, eta hilaren 30era arte luzatuko da lanok bisitatzeko tartea Udal Liburutegi Nagusian, Alderdi Ederren. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:30era izango da zabalik, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00era.

Gainerako erakusketak

Era berean, apirilaren 16az geroztik, Jane Godall ikerlari eta aktibistari eskainitako erakusketa dago ikusgai Aieteko kultur etxean. Asier Iturraldek egindako ilustrazioak dira, Nazio Batuetako Bakearen Mezulariak Tanzaniako basoetan txinpantzeak ikertzen egindako egonaldietan oinarritutakoak.

Victoria Eugenia Antzokiaren Informazio Bulegoan, halaber, 6-18 urte arteko gaztetxoek egindako marrazki eta muralen erakusketa jarri dute, jaialdiarekin bat eginez osatzen duten hamazazpigarrena. Osasunaren eta gaitzen sendaketaren inguruko hausnarketa eragitea dute helburu, eta apirilaren 30era arte egongo dira ikusgai.

Carmen Ballvéren argazkiak biltzen dituen La mirada cercana erakusketa, ostera, San Telmo Museoaren laborategian dago martxoaren 12az geroztik, eta maiatzaren 16ra arte luzatuko da. María Millánek egin du komisariotza lana, eta Errepublika Dominikarrean, Tanzanian, Etiopian, Mongolian eta Perun egindako erretratuak jasotzen ditu.

FNAC dendan, azkenik, Bea Rivas madrildarraren AridA erakusketa izango da ikusgai maiatzaren 30era arte. Ingurumenarekin, ekonomiarekin eta gai sozialekin lotutako lanak egin ohi ditu, eta honakoa, aldaketa klimatikoaren eraginez, Segura ibaiaren arroak bizi duen lehorte egoera du aztergai.

Jaialdiaren inguruko xehetasunak haien webgunean daude eskuragai.