Zuzendaria: Emerald Fennell
Urtea: 2020
Herrialdea: Erresuma Batua

 

-Mendekua zergatik ez da izango arrosa kolorekoa? –

Goizean hiriko kafetegi batean lan egiten du Cassiek (Carey Mulligan), gurasoen etxean bizi den emakume gazteak. Gauaz festa arropak jantzi eta ehizan ateratzen da. Pauso traketsak, hitz egiteko zailtasuna, makillaje zabartua… aieru denak garbi daude: mozkor baino mozkorrago dabil, edozein tabernako txokotan, gure Cassie. Gauero, eltxoak argira bezala, horditasun nabariak erakartzen ditu damatxo gizajoaren egoeraz arduratuta agertzen diren hainbat gizon. Bere burua tente mantendu ezin eta, hala ere, tipo lizunen musuak jaso behar ditu Cassiek, bere ezetzek ezer gutxi axola dutelarik. Argira gehiegi hurbiltzeagatik eltxo ziztrinak kiskali egiten direla ez al dakite gizon horiek guztiek?

Hezurretaraino izututako gizon bat gehiago, bortxatua izango den emakume bat gutxiago. Horixe izan liteke Cassieren maxima. Biolentoa baino kutsu ia pedagogikoa duten gaueroko talka hauek dira, hain zuzen ere, protagonistaren mendeku partikularra: medikuntza fakultateko gelakide ohiek bere lagun min Nina bortxatu zutenekoari erantzuna. Izan ere, gazte arrakastatsua izan zen behin Cassie, ikasle azkar eta fina, bere urteko onena. Ninari gertatutakoak karrera uztera bultzatu zuen eta geroztik mendeku nahiak agintzen du bere bizitza.

Goiz batean, alabaina, Ryan (Bo Burnham komediagilea) maitagarria ezagutu egiten du. Mutilaren zintzotasunak hainbeste argiz beteko du Cassieren bizitza non iraganeko zauriak ixteko prest ikusiko duen burua… baina ez zenuke uste hau amaiera zenik, ezta? Promising Young Woman (2020) argi-ilunez eta argumentuaren  bira ezustekoz betetako filma da, itxurazko bizitza perfektuek sistema patriarkalaren alfonbraren azpian ezkutatzen duten zabor dena aireztatzen duena.

Sinplea da filma bere planteamenduan, ausarta gaiaren aukeraketan eta zeharo irmoa mezuari dagokionez: geure garaiko eskakizunetara doitua, thriller feministatzat hartua izan da. Tira, nazioarteko-proiekzioa-daukan-eta-Oscar-sarietarako-bost-izendapen-lortu-dituen-feminista motakotzat.

Kontuak kontu, aitortzekoa da filmak darabilen feminitatearen apropiazioa oso interesgarria dela. Gaiaren aldetik gertu egon daitezkeen I Spit on Your Grave (2010) edota Jennifer’s Body (2009) filmen biolentzia eta iluntasunaren aldean Promising Young Woman-ek koloretako azazkalak, pastel-koloreak, komedia erromantikoaren formatua eta emakumezko diven pop musika (zoratzekoa da Britney Spearsen Toxic abestiaren bertsio orkestratua!) aldarrikatzen ditu.  Zentzu horretan ere Emerald Fennellek berak idatzitako gidoiak oso hautu burutsuak egiten dituela deritzot. Morbotik aldentzen saiatu egiten da eta, horren ordez, egunerokotasunean emakumeon kontra ematen diren biolentziak plazaratzen ditu: kaleko irainetatik instituzioen aurrean ematen den babesgabetasunera.

Hala eta guztiz ere, dena ez da indarkeria filmean zehar.  Freskotasun izugarri atsegineko eszenak ere ugariak dira, hala nola, supermerkatuko dantza eta abestien pasarte samurra, Cassie eta Ryanen arteko intimitate konplizea edota Cassiek Ninaren amarekin duen elkarrizketa sakona. Azpimarratzekoak ere Laverne Cox (Orange Is the New Black) eta Jennifer Coolidge (American Pie saga) ikonikoen paperak, Cassieren nagusi eta ama bezala.

Orain arte antzezle bezala ezagutu izan dugun Emerald Fennellek (Call the Mildwife; The Danish Girl, 2015) zuzendari lanetan egin du debuta  Promising Young Woman (2020) filmarekin. Nahiz eta iraultzailea izatetik urrun egon, zintak ondo bideratutako bizpahiru kolpe ematen dituela onartu dezakegu, amaiera aldrebestuak ezinegonez blai uzten bazaitu ere.  Amaieraren haritik tiraka, eta spoilerrik egin gabe, jakin beharrekoa da filmaren azken hamabost minutuak ez zeudela aurreikusita; aitzitik, ekoizleen eskakizuna izan zen istorioa luzatzea. Dirudienez, “thriller feminista” deiturikoek ere nahiago dute poliziari deitu eta amaiera zoriontsuak bermatzea, errealitate hutsa adierazi baino.

0