Iazkoan bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia indartsu itzuliko da aurtengoan, osasun krisiari aurre egiteko neurriak indarrean direla. Apirilaren 23tik 30era egingo dute Donostian festibalaren edizio berria, 36 filmez eta bost erakusketaz osatutako programazioarekin, eta antolatzaileak pozik azaldu dira atondu duten “egitarau zuhur baina aberatsarekin”.

“Urte bat beranduago bada ere, adinez nagusi egin zaigu jaialdia”, adierazi du Eneko Goya Donostiako alkateak Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiaren zuzendariarekin eta Amnesty Internacional erakundeko zein FiSahara Mendebaldeko Saharako Nazioarteko Zinema Jaialdiko ordezkariekin batera gaur goizean, apirilak 15, egindako prentsaurreko agerraldian. “Iazkoarekin alderatuta, alde ederra dago”, gaineratu du Goyak, eta zinemak giza eskubideen ezagutzarako eta hedapenerako tresna gisa duen indarra azpimarratu du, “ikusteko horren atseginak ez diren baina barrenak eta kontzientziak astintzen dizkiguten” filmen bidez.

Pandemiaren osteko lehen ediziora 800 film labur eta 300 luze inguru aurkeztu direla azaldu du Beltranek, eta honenbestez, osasun krisiak lanen kopuruan eragin gutxi izan duela argitu du. “Gure programazioaren zati handi bat dokumentalek osatzen dute, eta pandemia garaian genero horrek ez du etenik izan. Hain zuzen, jaialdian ikusgai izango den Confinés dehors (Julien Goudichaud, Frantzia) lanak itxialdia du aztergai”.

.

Film luzeak

Zinemaldiaren Sail Ofizialean hamalau film luze eskainiko dituzte, orotariko gaiak aztergai dituzten nazioarteko zein bertako ekoizpenak. Bi dira gurean proposamenak, hala nola, Javi Julioren Aita Mari (2021), Mediterraneo itsasoa zeharkatzen duten errefuxiatuak salbatzen dituen izen bereko atunontziaren bi urte baino gehiagoko odisea jasotzen duen ikus-entzunezkoa, batetik (lehiaketatik kanpo), eta Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz kartzela (2021), 1968-1976 aldian Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren abadeen bizipenen inguruan ardaztutako lana, bestetik.

Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian Massoud Bakhshiren Yalda, a Night for Forgiveness 2019ko ekoizpena eskainiko dute, eta lanokin batera lehiatuko dira mundu osoko 100 urte baino gehiago dituzten hainbat lagunen testigantzak jasotzen dituen 100UP (Heddy Honigmann, 2021) koprodukzio europarra; Sarajevoko gerra eta haurtzaroa uztartzen dituen Álbum de posguerra (Àngel Leiro eta Airy Maragall, 2021) espainiarra; Txetxeniako LGTBI+ kolektiboko gazteen errealitatea ikusarazten duen Welcome to Chechnya (David France, 2020) estatubatuarra; migratzaileekiko aurreiritzien indarra jasotzen duen Black Jesus (Luca Lucchesi, 2020) alemaniarra; AEBetako eskoletako segurtasuna eta armen salmenta aztergai dituen Bulletproof (Todd Chandler, 2020) estatubatuarra; adingabekoek sare sozialetan jasaten dituzten sexu abusuen inguruko lanketa egiten duen Caught in the Net (Barbora Chalupová eta Vit Klusák, 2020) txekiarra; Mendebaldeko Sahararen okupazioari buruzko Ocupación S.A. (Laura Daudén eta Sebastián Ruiz-Cabrera, 2020) espainiarra, lehiaketatik kanpo; Burundiko Gerra Zibila haurren ikuspegitik erakutsiko duen Petit Pays (Éric Barbier, 2020) frantziar-belgikarra; ETAren jatorria eta bertako hainbat kideren bilakaera ikuspuntu original batetik landuko dituen Traidores (Jon Viar, 2020) espainiarra; Irango eguneroko lau istorio jasoko dituen There Is No Evil (Mohammad Rasoulof, 2020) koprodukzio alemaniar-txekiar-iraniarra; eta bakarrik dauden adingabeen inguruko Vidas Menores (Alfredo Torrescalles, 2020) espainiarra.

Antzoki Zaharrean zein Victoria Eugenia Antzokian egingo dituzten emanaldietara bertaratutako ikus-entzuleek film luze onenaren saria banatuko dute beste urte batez, eta Amnesty International Saria emateaz arduratuko dira Iñigo Aranburu aktore donostiarra, Ericsson Bravo abokatu eta notario nikaraguarra, Ione Gil Goñi Amnesty International erakundeko bazkide eta aktibista, Bartolomé Menchén Calvo abokatu eta giza eskubideen aldeko aktibista, eta María Jesús Murguía Anzuloa FAS zineklubeko presidenteordea.

Film laburrak

Ekoizpen laburrei dagokienez, ostera, hamabi izango dira epaimahai gazteak ikuskatuko dituen proposamenak, hala nola, Bad Omen (Salar Pashtoonyar, 2020) kanadar-afganiarra; Biografía del cadáver de una mujer (Mabel Lozano, 2020) espainiarra; La espera (Jakob Krese eta Danilo Do Carmo, 2020) alemaniar-brasildarra; eta Une nouvelle page (Bejamin Clavel, 2020) frantziarra. Zerrenda osorik kontsulta daiteke Giza Eskubideen Zinemaldiaren atarian. Lan guztiak emanaldi bakarrean ikusiko dituzte, Antzoki Zaharrean egingo duten maratoian, jaialdia abiatu aurretik.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria

Jaialdiak urtero banatzen duen saria, halaber, Montxo Armendariz zinemagileak eta Puy Oria ekoizleak osatutako bikoarentzat izango da aurten. Espainiako zinemagintzaren alorrean funtsezko figurak dira biak, historia hurbileko obra klasiko eta ezinbesteko hainbaten egileak, hala nola, Tasio (1984), 27 horas (1986), Las cartas de Alou (1990), Historias del Kronen (1995) eta Secretos del corazón (1997) klasikoenak. Saria jasotzeko ekitaldian, gainera, 2001ean aurkeztu zuten Silencio roto eskainiko dute, eta solasaldia egingo dute ostean.

Jarduera osagarriak

Hiriko ikastetxeekin elkarlanean antolatutako haur eta gaztetxoentzako emanaldiak mantentzeko ahalegina egin dute, halaber, antolatzaileek, eta aurtengoan ikastetxeetan bertan proiektatuko dituzte filmak, jarduera osatuko duen gida didaktikoaren bidez, filmek lantzen dituzten baloreetan sakontzeko aukera emanez. Adin talde ezberdinei zuzendutako hiru lan eskainiko dizkiete: Asto Erregea (Aziz Jindani, 2018) pakistandarra, Terra Willy: Planeta ezezaguna (Éric Tosti, 2019) frantziarra, eta Vitoria, 3 de marzo (Victor Cabaco, 2019) euskalduna.

Aurten, gainera, Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Balibaideen 3. Azoka egingo dute apirilaren 24tik 27ra, eta jaialdiak irauten duen bitartean BegiraTÚ online jokoa aktibatuko dute atariaren webgunean, Euskadiko GGKEn Koordinakundearen bidez. Era berean, bost izango dira Aieteko kultur etxean, San Telmo Museoan, Zinemaldiaren Victoria Eugenia Antzokiko informazio bulegoan, Udal Liburutegi Nagusian eta FNACen ikusgai izango diren jaialdiari lotutako erakusketak, hala nola, Jane Goodall ikertzaile eta bakearen aldeko aktibistari eskainitakoa zein haur eta gazteek egindako lanen 17. ekitaldia.

Xehetasun guztiak Giza Eskubideen Zinemaldiaren webgunean topatuko dituzue.