Zuzendaria:  Johannes Naber

Urtea: 2020

Herrialdea: Alemania

 

-Gezur oso errealen kronika-

Suitzar Alpeetako mendi elurtu batean maldan behera doaz, lera batean eta ziztu bizian, bi gizon. Haien atzetik, tiroldar jantzidun beste bi gizonek ere arrapaladan egiten dute korrika, haiek esetsi nahian. Minutu gutxi batzuk barru, pantaila beltzaren gainean nabarmentzen diren hitz zuriek gogoratuko digute Iraken okupazioak utzitako hildako kopurua. Bi uneen arteko harremana ezagutu nahi? Bada, has gaitezen hasieratik.

1997 . urtea da eta Iraken da arma biologikoetan aditua den Arndt Wolf doktorea, suntsitze masiborako armak bilatzen dituen NBEko espedizioan parte hartzen. Hiru urtez luzatu den bilaketa egun batetik bestera eten egingo denean, Wolfek Alemaniara itzultzera behartua ikusiko du bere burua. Alabaina, handik bi urtetara bere bizitza zein XXI. mendeko historia betirako aldatuko dituen deia jaso egingo du: Rafid Alwan izeneko errefuxiatu irakiarrak antrax hilgarria ekoiztu izana aitortu omen du, eta Wolfen presentzia ezinbestekoa da hori baieztatzeko.

Alwanek emandako informazio zalantzazkoak Inteligentzia Zerbitzu alemaniarraren bulegoa astindu egiten du eta, suntsipen armen existentziaren aitzakipean, bultzada emango dio Irak inbaditzeko lasterketari. Operazio horretan guztian, Curveball deitura jaso zuen Alwan informatzaileak eta, hain zuzen ere, hortik eskuratzen du filmak bere izenburua. Izan ere, Curveball (2020) gertakari errealetan oinarritutako filma dugu, bene-benetako azpijoko politikoen istorioa. Ondorioak soberan ezagunak dira gu guztiontzat.

“Zer da egia? Egia ilusioa bat da” adierazpen mardulak irekiko du filma. Galderari erantzuna ematen saiatzen diren beste hainbat esaldi topatu daitezke filmean zehar, “egiak ez du axola, justiziak du garrantzia” edo “guk idazten ditugu gertaerak” bezalakoak. Bere aldetik, desagertzeko zorian dagoen egia horri zor egiten du lan Johannes Naber zuzendariak, George Bush edo Colin Powell bezalakoen diskurtso benetakoen artxibo-grabaketak txertatuz traman zehar.

Estetikari dagokionez soila mantentzen da Curveball, Irakeko hautsak dakarren eta bulego handiek inposatzen duten marroi kolorera hertsiki mugatuz. Orokorrean, halakoxea da film osoari darion doinua: gatzgabea eta laua. Trailerrak agintzen zuen bizitasuna bota izan dut nik faltan; era beran, laburpenek aldarrikatzen zuten umore ukitu garratza ez zait inolaz ere heldu. Dirudienez, zintak ez du bere lekua aurkitzen ez sarkasmoan, ez seriotasunean; hondoko istorioak berez pizten duen interesa handia izanda ere, hura ez baita nahikoa ikuslearen arreta osoa irabazteko.

Zoritxarrez, erdibidean geratzen da Curveball: premisa deigarria bai, baina hura garatzeko moduen epelkeriak izorratua. Hala, komedia asmoa azalean geratu egiten da, lekuz kanpo diruditen xelebrekeriak soilik ekoiztuz. Dokumentazio eta gidoi aldetik egindako lana jeinutsua izanik, eta behin umoreari atea irekita, pena da haratago joaten ausartu ez izana.

Nire itxaropen guztiak asetzeko nahikoa izan ez bada ere, egia da burutik kendu ezin daitekeen horietako dela Curveball. Hasieran filmak hotz utzi baninduen ere, azken egunotan, maiz aurkitu dut neure burua tramaren inguruan pentsatzen, ia konturatu gabe, xehetasun honi edo besteari bueltaka. Aretotik atera eta gutxien espero duzunean… klak!, orduan harrapatu egiten zaitu istorioak, sinesgaitza bezain egiazkoa izateagatik, ikustaldia probetxuzkoa bihurtzen duena.

Beraz, Suitzar Alpeetako trineoaren pertsekuzioak Irakeko inbasioarekin zer zerikusi duen ezagutzeko gogoz geratu baldin bazara, segi zinema aretoetara eta ez galdu Curveball, egiazko gudez eta baku faltsuez diharduen zinta.

0