Artium Arte Garaikidearen Gasteizko Euskal Zentro-Museoak iaz antolatu zuen aurrenekoz, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin elkarlanean, Hasieratik. Zinema feministaren historiak izeneko emanaldi sorta, eta pandemia tarteko, hainbat aldaketa egin behar izan zituzten arren, programatutako saio guztiak eskaintzea lortu zuten. Bada, apirilaren 10ean, larunbata, hasi eta urtea amaitu arte (udako oporraldian geldialdia eginda), zikloaren bigarren edizioa eskainiko dute.

Bihar, apirilak 10, Chantal Akerman zinemagile belgikarraren News From Home (1977) filmaren proiekzioarekin abiatuko dute Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren bigarren ekitaldia Gasteizko Artiumen. 18:00etan Ainhoa Gutiérrez del Pozo zinemagileak egingo du proiektuaren aurkezpena, eta 18:30ean hasiko da emanaldia. Sarrerak aldez aurretik erreserba daitezke, 2 euroan, Artiumera deituta, eta ziklo osorako bonuak 10 euroko kostua du.

Zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu diren errealitateak berreskuratzeko helburua du ekimenak, emakumezko zinemagileak eta haien filmak ezagutarazteko eta balioan jartzeko. 2020ko lehen edizioan ibilbide kronologiko bat proposatu zuten, baina aurtengo filmen artean harreman bat eraiki nahi izan dute programatzaileek, egile bakoitzaren zinemagintzan murgiltzeko tartea hartuta. Hilean saio bat egingo dute, apirilean hasi eta ekainera arte lehenik; eta uda ostean itzuliko dira, urtea amaitu bitarte.

Ondorengoa da iragarritako programazioa:

  • Apirilaren 10ean, larunbata, Chantal Akermanen News From Home (1977) jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpidatziekin. Ainhoa Gutiérrez del Pozo zinemagilearen aurkezpena.
  • Maiatzaren 8an, larunbata, Josefina Molinaren Función de noche (1981) film espainiarra, jatorrizko bertsioan. Maialen Beloki Donostia Zinemaldiaren zuzendariordearen aurkezpena.
  • Ekainaren 5ean, larunbata, Margarita Ledoren Nación (2020), galegozko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpidatziekin. Aitziber Olaskoaga zinemagilearen aurkezpena.

Irailetik aurrera, halaber, Diana do Teixeiro, Helke Sander, Nina Menkes eta Claire Simon zinemagileen proposamenak ikusteko aukera izango da, baina orduan jakinaraziko dute egutegia. Informazio osagarria Artiumen webgunean duzue eskuragai.

0