Institut Françaisekin lankidetzan, emakumezko zinemagile frantziarren sorkuntza bistaratzeko Aitzindariak zikloa atondu du BilbaoArtek apirilaren 13tik maiatzaren 20ra. Zazpi film eskainiko dituzte, jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin, eta lan bakoitza bi aldiz proiektatuko dute. Itxiera emanaldian, gainera, Callisto McNulty zinemagileak hartuko du parte bere Delphine et Carole (2018) filma aurkezteko.

Zinemaren sortzailearen inguruko eztabaida argitzeke dagoen arren, fikziozko generoaren aitzindariaren inguruan ez dago zalantzarik: Alice Guy zinemagile frantziarrak 1896an aurkeztu zuen Le Fée aux Choux da historiako lehen fikziozko filma. Zinemak istorioak sortzeko duen gaitasuna aztertzen lehena izan zen, eta bere talentu eta gaitasunetik sortu ziren lehen asmatutako kontakizunak, gerora, film horien garrantzia ia inor gutxik aintzat hartu bazuen ere.

Zinemaren 125 urteko ibilbidean andrazkoek izan duten paper garrantzitsuaren ukapenari erantzuteko asmoz, moldeak apurtu zituzten hainbat emakumezko sortzaile frantziarren lanak jasoko dituen zikloa prestatu dute BilbaoArtek eta Institut Françaisek, Guyrekin hasi eta 2019an zendu zen Agnès Varda maitatuaren lan bat barne hartuz. Film labur zein luzeen emanaldiak izango dira, eta saio bakoitzaren bi pase egingo dituzte, ahal beste ikusle bertaratu daitezen.

Izan ere, sarrera librea izango da, baina lekuak aldez aurretik erreserbatu beharko dira, bi laguneko. Horretarako, proiekzioaren egun berean, 9:00etatik aurrera, 94 415 50 97 telefonora deitu beharko da, eta zenbaki bat esleituko zaio gonbidatu bakoitzari. Emanaldia baino ordubete lehenagora arte izango da deitzeko aukera.

Ondorengoa izango da programazioa:

  • Apirilaren 13an eta 15ean, 19:00etan: Alice Guyk 1898 eta 1907 artean zuzendutako 13 film labur lehenik, eta jarraian Germaine Dulac zuzendariaren La Souriante Madame Beudet (1923) 42 minutuko ekoizpena.
  • Apirilaren 20an eta 22an, 19:00etan: Musidora & Jacques Lasseyne aita-alaben Pour Don Carlos (1921), Pierre Benoiten eleberria jatorri duen proposamena.
  • Apirilaren 27an eta 29an, 19:00etan: Marie-Louis Iriberen Le Roi des Aulnes (1930), Goetheren poema batean oinarritutako lana.
  • Maiatzaren 4an eta 6an, 19:00etan: Nicole Vedrèsen Paris 1900 (1946), 1900 eta 1914 arteko Parisko bizitzaren kronika egiten duen ikus-entzunezkoa.
  • Maiatzaren 11n eta 13an, 19:00etan: Agnès Vardaren Cléo de 5 à 7 (1962), Cléo abeslari gaztearen 90 minutuko ibilbide berezia jasotzen duen filma.
  • Maiatzaren 18an eta 20an, 19:00etan: Callisto McNultyren Delphine et Carole (2018), 70eko hamarkadako feminismo sorginduaren erretratua. Egilea emanaldian izango da.

Zikloaren inguruko informazio osagarria BilbaoArteren webgunean kontsultagai.

+1