Imanol Rayok iragan Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen Hil kanpaiak thrillerra bihar, apirilak 9, helduko da Filmin plataforma digitalera. Miren Gorrotxategiren eleberri homonimoan oinarritutako proposamena azaroaren 20an estreinatu zuten zinema aretoetara, eta hainbat jaialdi zein ziklotan parte hartu ostean, etxean digitalki ikusteko aukera izango da.

2011ko Donostia Zinemaldian Zinemira saria jaso zuen Imanol Rayok Bi Anai opera primagatik, eta bigarren lana du Hil kanpaiak. 2019ko irailetik azarora errodatu zuten Nafarroan Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Yon Gonzalez, Asier Hernandez eta Iñigo Aranburu protagonista dituen nekazaritza giroko thillerra, eta 68. Donostia Zinemaldian estreinatu zuten emaitza, Kutxabank-Zuzendari Berriak sailean. Joanes Urkixok moldatutako gidoia eta Abra Produkzioak ekoiztetxearen gidaritza ditu ekoizpenak.

33 ezkil eleberria du oinarri, eta gertaera dramatiko bat abiapuntuan: Garizmendi baserrian giza-hezur batzuk agertu dira, eta Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari eskatu diote laguntza, kargu egin dadin. Baina hurrengo egunean, Fermin ez ezik, hezurrak ere desagertu egingo dira, eta Ikerketa Kriminaleko bi inspektorek ikertuko dute kasua.

EiTBren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan zituen proiektuak, eta Barton Films arduratu da banaketaz. Talde teknikoan, halaber, izen ezagunak aurki daitezke, hala nola, Javier Agirre Erauso argazki zuzendaria, Fernando Velázquez soinu banden arduraduna, Raúl López muntatzailea, Peio Villalba arte zuzendaria edota Saioa Lara jantziteria arduraduna.

Filminen ikusgai

Filmak Lekeitioko Euskal Zine Bileran, Gasteizko Euskal Zinemaren Astean zein Busango (Hego Korea) Nazioarteko Zinema Jaialdian hartu du parte azken hiletan, eta azaroan heldu zen areto komertzialetara. Orain, baina, Filmin plataforma digitalean izango da ikusgai, apirilaren 9tik aurrera. Ikusle gehiagorengana heltzeko ez ezik, euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza gure mugetatik harago zabaltzeko ere balioko du. Ohiko harpidedunak ez direnek, gainera, 3,95 euroren truke alokatu ahal izango dute.

0