El norte pide paso. 50 películas esenciales para entender el cine escandinavo liburua kaleratu berri du Kepa Sojo zinemgilea eta EHUko Zinemaren Historiako irakasleak Universitat Oberta de Catalunyaren UOC argitaletxearen eskutik, Filmografias esenciales bildumaren baitan. Eskandinaviako zinemari lotutako topikoarekin hautsi nahi du sortzaileak.  

Danimarkako, Suediako, Finlandiako, Norvegiako eta Islandiako filmografiak aztertu ditu Kepa Sojo arabarrak argitaratu berri duen El norte pide paso liburuan, eta herrialde haietako zinemaren historia berrikusteaz gain, 50 film adierazgarrienen inguruko azterketa egin du. Metafisikarekin, erlijioarekin, naturarekin eta erruduntasun sentimenduarekin estuki lotutako lanez gain, komedia, musikalak eta gizarte gaiak lantzen dituzten ekoizpenak ere badaude erakutsiko du bertan, Eskandinaviako zinema motela, isila, trista eta malenkoniatsua baino gehiago ere badela frogatzeko.

Hala, Carl Theodor Dreyer daniar eta Ingmar Bergman suediar maisuen filmografiaz gain, Lars von Trier eta Thomas Vinterberg daniarren zein Aki Kaurismäki finlandiarraren proposamenak ere jaso ditu, eta herrialde horietako zinemaren mugimendu iraultzaileak errepasatu, hala nola, Danimarkako DOGMA 95 eta Islandiako XXI. mendeko zinema berria. Eta lanaren amaieran beste 100 filmeko zerrenda gaineratu du, irakurleari bertako zinemagintzan murgiltzeko gonbidapena luzatuz.

Liburua Universitat Oberta de Catalunyaren UOC argitaletxearen bidez kaleratu du, eta gai, genero ala eremu geografiko bati lotutako zinema aztergai duten lanen Filmografías esenciales bildumaren baitan kokatzen da. Besteak beste, En busca de lo real. 50 documentales esenciales (Jordi Revert), Just Imagine. 50 títulos esenciales del cine de ciencia ficción (Ángel Sala) eta Lejos de Hollywood. 50 películas esenciales del cine independiente norteamericano (Quim Casas) bezalako proposamenak topa daitezke bertan.

0