Bilboko Zinegoak – Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen 18. Jaialdiko filmen lagin bat izango da ikusgai Donostian, ZINEGOAK HEDAPENA programari esker. Apirilaren  12an, 13an eta 14an egingo dituzte saioak.

“Badakigu jaialdiaren ardatza Bilbon dagoela, eta gainera, urtetik urtera handiagoa da jaialdiak duen harrera. Baina ekimena  ahalik eta herri gehienetara iristea nahi genuenez, hedapenaren lana indartzea erabaki dugu”, adierazi zuen Pau Guillen ekitaldiaren zuzendariak, jaialdiak euskal geografia osoan hedapen handiena izan zezan ahalegin berezia egingo zutela iragarri zuenean.

Bada, helburu zehatz batekin aurkeztu zuten 2020 hasieran ZG Hedapena: jaialdian ikusgai izan diren lanak udalerrietara zabaltzea, oro har herrientzat zaila baita mota horretako edukiak eskuratzea. Izan ere, gero eta ohikoagoa da LGTBI+ edukiak edo pertsonaiak dituzten pelikulak zinema komertzialetara heltzea, baina ez da gauza bera gertatzen film labur eta dokumentalekin. Horrez gain, aniztasunarekin eta kulturarekin lotutako jarduera bat eskaintzea litzateke bigarren helburua, Zinegoak jaialdiko hautaketak eskaintzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz.

EHGAMGEHITUZINEGOAK eta DONOSTIA KULTURA eragileen elkarlanaren fruitu, hamahirugarrenez aurkeztuko dute Antzoki Zaharrean Bilbon egiten den sariketaren lagina. Hilaren 12an, 13an eta 14an egingo dituzte saioak, datorren astelehen, astearte eta asteazkenean, hain zuzen.

Ondorengoa duzue egunez eguneko programazioa:

Apirilak 12 / Film laburrak

  • Red Bay (José Antonio Cortés Amunarriz, 2019)
  • Hands and Wings (Sungbin Byun, 2019)
  • Meritum (Yago Mateo, 2021)
  • On My Way (Sönam V. Larcin, 2020)
  • Mall (Jerry Hoffmann, 2020)
  • Ni Naiz Naizena (Lehen atala)

Apirilak 13

  • Her Mothers / Anyáim története (Asia Dér & Sári Haragonics, 2020)

Apirilak 14

  • Valentina (Cássio Pereira dos Santos, 2020)
0