Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiak zuzendari artistiko berria bilatzeko prozesua abiarazi du. Lau urteko epea beteta, bukatutzat eman dute azken lau urteetan karguko arduraduna izan den Garbiñe Ortegaren ibilbidea.

Punto de Vista jaialdiaren 15. ekitaldi arrakastatsua itxi berritan, 16. edizioaren datak iragarri ditu antolaketa taldeak: 2022ko martxoaren 14tik 19ra. Zuzendari artistiko baten gidaritzapean egin beharko diote aurre datorren edizioari; izan ere, aurtengoa Garbiñe Ortega zuzendari artistikoaren azkenekoa izan da, lau urteko zikloari amaiera eman baitio gasteiztarrak. Zinemaren gaineko askotariko ikuspegi hedakor eta eraldakorra bilatzea izan du helburu, ikusle berriengana iritsi eta jaialdiaren historian mantendu direnak egonkortzeko. Ortega gustura azaldu da lorpenarekin, eta jaialdia aurrera eramaten duen profesionalen taldeak ere eskertza hitz goxoak eskaini dizkio.

Hala, zabaldu dute jada Punto de Vistako zuzendaritza artistikorako lizitazio-prozesu berria. Navarra.es webgunean jasota daude karguaren baldintzak guztiak, eta beren roposamenak egin nahi dituzten hautagaiek apirilaren 30era arte izango dute aukera. Hautatua den profesionalak 2022ko jaialdia antolatzeko erronka izango du aurretik, gehienez ere lau urteko luzapenerako aukerarekin.

2006an sortu zutenetik, Punto de Vistak jaialdiak lau zuzendari artistiko izan ditu: Carlos Muguiro (2006-2009), Elias Querejeta Zinema Eskolako egungo zuzendaria; Josetxo Cerdán (2010-2013), Espainiako Filmategiaren zuzendaria; Oskar Alegria (2015-2017), iazko edizioan Zumiriki filma aurkeztera itzuli zen zuzendari nafarra; eta Garbiñe Ortega (2018-2021) bera, lau urteren ostean aurtengo edizioa itxi duena. Zuzendaritza artistiko bakoitzak bere arrastoa utzi du jaialdiaren nortasunean, kalitatezko erreferentzia izan dadin hauspotuz eta nazioarteko urteroko ezinbesteko hitzorduetako bat bilakatuz.

0