“Bizkar-zorroa energiaz beterik”, heldu diete BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 2021eko edizioan murgiltzeko prestaketa lanei. Zabaldu dute izen-emate deialdia, eta ekoizle, zuzendari eta erralizadoreek irailaren 15era arte izango dute aukera beren lanak bidaltzeko.

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 3tik 12ra ospatuko dute aurtengo edizioa eta, ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituzten filmek parte hartu ahal izango dute: alpinismoa, eskala, abentura eta zein mendi kirolak, ekologia ingurumena, etnografia, natura… Halaber, gogorarazi dute 2019ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanek baino ezin izango dutela parte hartu.

Sail Ofizialeko sari guztiek izango dute diru ordaina Eguzkilore garaikurra jasotzearekin batera, eta, orotara, 24.000€ banatuko dira sarietan:

  • Sari Nagusia, Film Onena:  Eguzkilorea eta  6.000 euro
  • Zuzendari Onena:  Eguzkilorea eta  3.000 euro
  • Argazkilaritza Onena: Eguzkilorea eta  2.000 euro
  • Gidoi Onena:  Eguzkilorea eta  2.000 euro
  • Epaimahaiaren Saria: Eguzkilorea  eta  2.000 euro
  • Mendiko Film Onena:  Eguzkilorea eta  1.500 euro
  • Eskaladako Film Onena:  Eguzkilorea eta  1.500 euro
  • Kirol eta Abenturazko Film Onena:  Eguzkilorea  eta  1.500 euro
  • Mendi-kulturari eta Naturari Buruzko Film Onena:  Eguzkilorea eta  1.500 euro
  • Euskarazko Film Onena:  Eguzkilorea eta  1.000 euro
  • Film Labur Onena:  Eguzkilorea eta  1.000 euro
  • Ikusleen saria:  Eguzkilorea eta 1.000 euro

Lanak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izango da, beraz, parte hartzaileek bost hilabete inguru izango dituzte aurretik oinarriak irakurri eta izen-emate orria beteta bidaltzeko.

0