Covid19-aren osasun krisiak eragindako kalteak arindu eta bilbotar norbanako zein enpresak suspertu eta berraktibatzeko asmoz, Bilboko Udalak 15 milioi euroko aurrekontua eta 50 neurri biltzen dituen Bilbao Aurrera 2020 plana onartu zuen iaz, eta ikus-entzunezko ekoizpenari dagokionez, 100.000 euroko funtsa gorde zuen hiria sustatzen zuten laburrak sortzeko. Bada, lehen deialdiaren bidez ekoitzitako sei laburrak apirilaren 7an eta 8an egingo dituzte emanaldietan izango dira ikusgai, Azkuna Zentroko areto nagusian, 19:00etan.
Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxeren Ekilibrismoaren artea elkarrizketetan oinarritutako dokumentala, Paula Gómez eta Aitane Goñiren Harria eta bidea dokumentala, Olaia Nogalesen (Hauazkena taldearen ordezkari gisa) Hirian ibiltzeko jarraibideak animaziozko filma, Jon Zurimendiren Hiri ibiltaria animazioa, Lander Ibarretxeren Bilbao Mugimendu Etengabea dokumental sinfonikoa, eta Joseba Lopezortegaren 2020: Soinuen hiria elkarrizketa sorta dira Bilbao Aurrera 2020 planaren finantzaketari esker garatutako sei proiektuak. Deialdira aurkeztu ziren 15 proposamenen artean hautatuak izan ziren, eta haietako bakoitzak 14.000 euro jaso zituen aurrera atera ahal izateko. Jada amaituta eta jendaurrean erakusteko prest dira seirak.
Proiekzioak, hain zuzen, apirilaren 7an eta 8an egingo dituzte Azkuna Zentroko audiotrioan, 19:00etan, eta sarrerak 4 euroan eskura daitezke. Lehen egunean, apirilak 7, Hiri ibiltaria, Bilbao Mugimendu Etengabea eta 2020: Soinuen hiria izango dira ikusgai, eta apirilaren 8an Harria eta bidea, Hirian ibiltzeko jarraibideak eta Ekilibrismoaren artea.
Horrez gain, Bilboko Udalak Bilbao Aurrera 2021 ezohiko plana onartu duela jakinarazi du, 15,1 milioi euroko aurrekontuarekin eta 43 neurri zehatzekin. Hala, azken hiletan egindako lanari jarraipena emango diote, eta hiriko norbanako zein enpresei osasun krisiak eragindako zailtasunei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkiete. Informazio osagarria topatuko duzue Bilboko Udalaren atarian.