Hitz egin dezagun haietaz. “Laino guztien azpitik, eta sasi guztiek gainetik” jatorrizko musika onenaren Goya saria eskuratu zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi musikarien inguruan. “Aktibo dauden andrazkoak gara, eta batere erraza ez den leku batean gaude”.

Txalotu ditzagun, gogoz, kristalezko sabaia kolpatu eta erreferente bilakatzen diren sortzaileak: “Eskerrik asko Amaia; Garazi, Yune, Jone. Irati, Lorea, Lorena. Sara, Nora, Nerea. Miriam, Maite, Ana. Elkarri eskua emanda, jarrai dezagun bidea”.

Harrotu gaitezen euskal emakume aktoreen talentuarekin. Ospatu ditzagun errebelazioak eta idatzi ditzagun lerro berriak historian beren lorpenei esker. Euskaraz, noski. Gora Jone Laspiur Gorosabel eta Patricia Lopez Arnaiz!

Jarrai dezagun bide luzea egin duten horien bilakaera. Izan ere, ibilbide luze baten ostean, Akelarre filmerako sortutako unibertso mitologikoaren eskutik heldu zaio -azkenean!- akademikoen aitortza Nerea Torrijos figurinistari.  Era berean, igo gaitezen denok Mikel Serrano arte zuzendariak orain urte batzuk (Handia, Ventajas de viajar en tren…) hartutako olatura, eta busti gaitezen gu ere erdietsitako arrakastaren aparretan.

Gurera ekarrita, hitz egin dezagun efektu berezi onenen saria jaso duten Donostiako Drama FX taldeko Mariano García Marty eta Ana Rubio espezialistez. Ekar ditzagun lehen lerrora, behingoagatik bada ere, alfonbra gorria bereganatzen duten izen handien itzaletan, ahanzturara kondenatzen ditugun ofizio eta profesionalak.

Eta orain, gure sortzaileak txalotu ditugula, hitz egin dezagun ere beren lana duintzeko faltan dituzten baliabide eta baldintza horietaz. Hitz egin dezagun sektorea, “gure sorkuntza eta sortzaileak”, ondo maitatzeaz.

*Irutxuloko Hitza aldizkarirako Ines Arrue Unanuek sortutako editoriala. Bertan publikatu zen lehen aldiz, 2021eko martxoaren 12an.