Antzokiak okupatu ditzagun Frantziar estatuko mugimenduarekin bat eginez, iragan ostiraletik, martxoak 26, Baionako Michel-Portal antzokia okupatuko dute egunero dozenaka profesional zein ikuslek, urriaren amaieratik itxita dauden kultur guneen irekiera aldarrikatzeko. Ostiraletan, gainera, ekintza ikusgarriak antolatuko dituzte bertan.

Argazkia: Guillaume Fauveau.

Covid19-aren pandemiaren aurkako neurri zorrotzak tarteko, urrian itxi zituzten Ipar Euskal Herriko eta Frantziar estatuko kultur guneak, eta irekiera datarik gabe, sektorean eragindako galerak zein ezinegona gorantza egiten ari dira etenik gabe. Lurralde osoan zabaltzen hasi den Antzokiak okupa ditzagun mugimenduarekin bat egin eginez, iragan astelehenean, martxoak 22, okupazioa antolatzeko bilera egin zuten Baionan 115 artista, teknikari, aktore, kultur guneen arduradun, zinemagile eta ikuslek, eta espazioen irekiera aldarrikatzeko, Baionako Michel-Portal antzokia egunero, 10:00etatik 18:00etara, okupatzeko erabakia hartu zuten.

Noaua konpainiako kide eta mugimenduaren bozeramaile den Fanny Berardek Naiz agerkariari adierazi dionez, “Gobernuari mezua helaraztea da asmoa”. Kazeta.eus atariak argitaratutako Paxkal Indo Kiribil konpainiako kidearen hitzetan, halaber, «Ikuskizunetako intermitenteek ez dute diru-laguntza horri esker bizi nahi, baizik eta beren lanari esker. Gure lana falta bazaigu, zerbait falta zaigu bai ekonomikoki, eta baita psikologikoki ere. Etenik gabeko enpleguan dauden langile eta idazle guztiei, amatasun eta gaixotasun baja konpentsatuetarako sarbidea bermatzeko neurriak” ere eskatu ditu.

Hala, Ipar euskal Herriko gaitzaren intzidentzia-tasa kontuan hartuta, kultur guneak berriz irekitzeko aukera aztertzeko eskatu nahi diete arduradun politikoei, eta okupazioak irauten duen bitartean, ostiralero, ikuskizun bereziak antolatuko dituztela iragarri dute.