Euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea du helburu 2021 eta 2022 urteetan Quebeceko eta Euskadiko hiri nagusietan garatuko den programa kultural eta artistikoak, eta lehen mugarria Euskadiko Filmtegiak Cinémathèque Québécoisen laguntzarekin ondutako zinema zikloa izango da, apirilaren 1etik aurrera.

Hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea du jomuga Etxapre Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Minsterioak bideratutako Saison Québec-Pays Basque ekimenak. Halaxe adierazi zuten atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak, Isabelle Dessureault Quebeceko Iberiar Penintsularako ordezkariak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak Donostiako Tabakaleran egin zuten agerraldian. Tokian tokiko kultura hedatzeko ez ezik, kultur eragileen arteko harremana eta ezagutza estutzeko ere balioko du 30 hitzordutik gorako programak.

Literaturan, arte eszenikoetan, musikan eta zineman diharduten sortzaileen lanak eskainiko dituzte Euskal Herriko zein Quebeceko hiri nagusietan, eta kongresu akademiko bat ere egingo dute Laval Unibertsitatean. Guzti hau egikaritzeko, EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak, Bitamine Faktoria, eta baita Quebeceko jaialdi eta erakusleihoetan arituko diren sortzaile eta konpainiak ere, elkarlanean aritu dira Etxeparerekin.

Programa datorren apirilaren 1ean, osteguna, abiatuko dute Donostiako Tabakaleran eta hilaren 3an Bilboko Arte Ederren Museoan, hiru hileko iraupena izango duen zinema zikloaren bidez. Euskadiko Filmategiak eta Cinémathèque Québécoisek landu dute egitarua, eta ekoizpen garaikidea izango du ardatz.

Hala, Pierre Perrault eta Michel Braulten 1963ko Pour la suite du monde lanak zabalduko du programazioa, Quebeceko zinema modernoaren oinarritzat hartzen den proposamena, eta bigarren emanaldian Quebecen film luze bat zuzendu zuen lehen emakume Anne Claire Poirier errealizadoarearen De mère en fille (1968) proiektatuko dute. 11 izango dira orotara ekainaren 24ra arte, Donostian, eta 26ra arte, Bilbon, ikusgai izango diren ikus-entzunezkoak, ondorengoak:

  • Apirilaren 1ean Tabakaleran eta 3an Arte Ederren Museoan, 19:00ean: Pour la suite du monde (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Apirilaren 8an Tabakaleran eta 10ean Arte Ederren Museoan, 19:00etan: De mère en fille (Anne Claire Poirier, 1968). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Apirilaren 15ean Tabakaleran eta 17an Arte Ederren Museoan, 19:00eta: Le déclin de l’empire américain (Denys Arcand, 1986). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Apirilaren 22an Tabakaleran eta 24an Arte Ederren Museoan, 19:00etan: J’ai tué ma mère (Xavier Dolan, 2009). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Apirilaren 29an Tabakaleran eta maiatzaren 1ean Arte Ederren Museoan, 19:00etan: Vic + Flo ont vu un ours (Denis Côté, 2013). Kanada. Euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Maiatzaren 13an Tabakaleran eta 15ean Arte Ederre Museoan, 19:00etan: Une Colonie (Geneviève Dulude-De Celles, 2018). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Maiatzaren 20an Tabakaleran eta 22an Arte Ederren Museoan, 19:00etan: Ville Neuve (Félix Dufour-Laperrière, 2018). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Ekainaren 3an Tabakaleran eta 5ean Arte Ederren Museoan, 19:00etan: Kuessipan (Myriam Verreault, 2019). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.
  • Ekainaren 10ean Tabakaleran eta 12an Arte Ederren Museoan, 19:00etan: Antigone (Sophie Deraspe, 2019). Kanada. Euskarazko azpidatziekin.
  • Ekainaren 17an Tabakaleran eta 19an Arte Ederren Museoan, 19:00etan: Jeune Juliette (Anne Émond, 2019). Kanada. Euskarazko azpidatziekin.
  • Ekainaren 24an Tabakaleran eta 26an Arte Ederren Museoan, 19:00etan: L.A. Tea Time (Sophie Bédard Marcotte, 2019). Kanada. Gaztelaniazko azpidatziekin.

Saison Québec-Pays Basque ekimenaren inguruko informazio xehatua ezagutzeko, sartu Etxepare Euskal Institutuaren webgunean.