Euskal gizartea kezkatzen duten gai sozialen gaineko hausnarketa helburu, Bilboko Caostica kolektiboak Gizazinea zikloaren XI. edizioa atondu du, iragan asteartean, martxoak 23, FAS zineklubarekin elkarlanean antolatutako emanaldiarekin abiatu zutena. Apirilaren 4ra arte, Faros en tinieblas liburuaren aurkezpena, film luze eta laburren emanaldiak, eta osteko eztabaidak programatu dituzte Bilborocken zein Sarean.
Hainbat diziplina artistikotako sortzaileak herritarrekin eseri eta haien ikuspuntuak partekatu eta eztabaidatzeko asmoa duen zikloa da Gizazinea, eta XI. ediziorako gatazka eremuetan lan egiten duten gizatalde, ikertzaile eta irakasleei emango diete ahotsa, besteak beste, beren lanei ikusgarritasuna eman eta egungo euskal gizartearen gatazkak oinarri dituzten esperientziak partekatzeko. Gainera, zinemari lotutako zikloa izanik, filmen gaineko azterketak ere egingo dituzte ikusleen laguntzaz.
Lehen emanaldia iragan asteartean egin zuten, Aurel sortzailearen Josep animazioa FAS zineklubean proiektatu baitzuten egilea bera eta Borja Crespo bertan zirela, Institut Françaisen laguntzarekin. Datorren asteazkenean, ostera, hilak 31, bigarren honen Encrucijada lana proiektatuko dute Bilborocken, eta Cresporekin batera izango dira Pablo Lara, Aarón Rodríguez eta Belén Antzutegi. Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Mediapro Studiok lagundutako saioa izango da.
Aste Santuko egunetan, aldiz, ostiraletik igandera luzako den programazio jarraia eskainiko dute. Hala, apirilaren 1ean, Ina Robles eta Joan Soléren Faros en tinieblas liburua aurkeztuko dute Bilboroken 18:00etan, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideen laguntzarekin, eta jarraian, 19:00etan, Alejandro Salgadoren Barzaj izango da ikusgai.
Apirilaren 2an Fernanda Valadezen Sin señas particulares proiektatuko dute doan Bilborocken 19:00etatik aurrera, eta sortzailearen alboan izango da Yunuen Cuenca, Zinemakumeak Gara! zikloaren ordezkari gisa.
Hilaren 3an, larunbata, 12:00etan Ai Wei Weiren The Rest eskainiko dute doan Bilborocken. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Victor Pozasek hartuko du parte solasaldian, eta Zinebi jaialdiak babestuko du saioa.
Eta apirilaren 4an, azkenik, saio bikoitza egingo dute. Goizean, 12:00etan hasita, film labur eta bideoklipen proiekzioa izango da Sarean, eta Kimuak katalogoko Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz) zein Barbudos (Tucker Dávila Woods eta Larry Mankuso) laburrekin batera, Larraitz Zuazok zuzendutako Koban taldearen Anestesia Digitala bideoklipa, zein Aitor Molinaren Taoudan laburra eskainiko dituzte, besteak beste. Arratsaldean, azkenik, Laura Herreroren La Mami filmaren emanaldiarekin itxiko dute Gizazinearen aurtengo edizioa.
Ekimenaren inguruan gehiago jakiteko, hemen duzue programazioa osorik.