Hanna-Barbera ekoiztetxe estatubatuarraren klasiko ezagunaren egokitzapena egin du Tim Story zinemagileak Warner Animation Group etxearen babespean, eta gurera euskaraz iritsiko da ostiral honetan, martxoak 26, Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez. Tom eta Jerryren arteko harreman gatazkatsuaren abiapuntua izango du hizpide filmak.

Irudi errealak eta animazioa uztartuko dituen filmak Chloë Grace Moretz, Michael Peña eta Rob Delaney ditu protagonista, Tom eta Jerry animaziozko betiereko etsaiekin batera. Jerry sagua New York hiriko hotel entzutetsuenean bizi da, baina “mendeko ezkontza garrantzitsuena” bertan ospatzekoa da, eta antolaketaren arduradun Kaylak Tom kontratatuko du karraskaria eraikinetik botatzen lagundu diezaion. Baina misioa espero baino zailagoa izango da, eta animalien arteko borrokak Kaylaren ibilbide profesionala, ezkontza bera, eta baita hotela ere, suntsitzeko arriskuan jarriko ditu. Proiektuak orotariko kritikak jaso ditu, istorio klasikoaren jarraitzaileek itxaropen handiak baitzituzten bertsio berriaren inguruan.

Proposamena martxoaren 26an helduko da zinema areto komertzialetara, eta gurean, euskaraz izango da ikusgai Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren baitan, besteak beste, Donostiako Antiguo Berri zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan, Gasteizko Gorbeia zinemetan, Iruñeko Golem La Morean, Durangoko Zugaza aretoan, Getxoko Zinemak aretoak eta Errenteriako Niessenen eskainiko dute filma asteburuan. Urteko hirugarren filma izango da. 3 Klubak, bere aldetik, hamalau kiderentzako sarrera bikoitzak zozkatuko ditu EiTBren atarian.

Estreinaldiari buruzko informazio osagarria Zineuskadiren atarian topatuko duzue.

+1