ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 63. edizioa ospatuko du 2021ko azaroaren 12tik 19ra bitartean. Zabaldu dute jada izen-emate deialdia.
A kategoriako film labur eta dokumentalen jaialdi bakarra da ZINEBI Espainiar estatuan, eta horrek erreferentziazko posizioa ematen dio nazioartera begira. Izan ere, mundu mailako zinema akademia desberdinen onespena du, eta urtero banatzen duen palmaresa kalifikatzailea da mundu mailako zenbait sariketa garrantzitsuetarako. Hollywoodeko Oscar Sarien Akademiak, BAFTA sarien batzordeak edota Goya Sariak banatzen dituen akademiak, besteak beste, kontuan izaten dute.
Bada, animaziozko, fikziozko edota dokumentalezko film laburren zuzendari, ekoizle eta banatzaileak galdegin dituzte aurten ere. Lanok, 30 minutu baino laburragoak izan beharko dute, eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitakoak. Halaber, ZIFF – ZINEBI FIRST FILM sailean parte hartzera gonbidatu dituzte beren lehenengo animazio zein fikziozko filma errodatu duten profesionalak.
Izen-ematea, FestHome atariaren bidez egin beharko dute, uztailaren 25a baino lehen, lanarekin batera, proiektuaren eta haren arduradunaren informazio osagarria erantsiz.
Xehetasun gehiago, hemen.