Osasun krisia tarteko, formatu hibridoan ospatu dute HUHEZINEMA Film Laburren Jaialdiaren 14. Edizioa, martxoaren 17an eta 18an, Aretxabaletako Arkupe aretoan eta Twitch streming plataforman. Maddi Barberren Gorria filma nagusi, baina orotarikoa izan da epaimahaikideek hautatutako palmaresa.

Iazko online edizio bereziaren ostean, gogotsu ibili da HUHEZINEMA jaialdiaren antolaketa talde berria aurtengo edizioaren prestaketa-lanetan eta pozik ere bizitakoarekin ere: “Bi egun hauetan bizitako emozioa, adrenalina, urduritasuna eta poza nabaria izan da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Zinemazale asko izan dugu gure artean, eta ikusgarria izan da jaialdiak hauengan sortu duen eragina, ikusleen arima pasioz eta zinearekiko grinez bustiz. Laburbilduz, martxoaren 17 eta 18an bizitako giroa paregabea izan da, kontuan harturik ikuslegoaren zati handi batek etxetik bizi izan duela jaialdia”.

Besteak beste, parte hartutako lanen kalitatean jarri dute azpimarra: “Bi egun hauetan ikusi ditugun film laburren maila altua txalotzekoa eta zoriontzekoa izan den arren, gure epaimahaiak hauetako batzuei soilik aitortu dizkiete sariak”, adierazi dute.

Sail ofizialean, Gorria (Maddi Barber) filmak irabazi Huhezinema saria (800€) hau da, Euskarazko film onenarena. Komedia sari berria -300€-, aldiz, Datsegit (Aitor Arruti) filmak jaso du. Xabier Larrazabalen Maite filmak jaso du Vertigo saria -400€- eta Mundukidek “Giza Eskubideak eta Justizia sozialaren gaia egokien txertatu dituen” Before I Die (Iker Esteibarlanda)  film laburrari banatu dio 700€-ko ordainsaria. Amaitzeko, Paul Urkijoren Dar Dar film laburrak jaso du Publikoaren saria -300€- .

 

Ikasleen saila

MU Ikasleen sailean, Xabier Vallinaren Ilunabarrean esan lanak eskuratu du fikzio onenaren saria -200€-. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia egin zion 12 minutu (Ane Cuesta) film laburrari. Ikusleen saria -100€-, ordea, Ilunean Argia (Maria Garmendia) lanak jaso du. Aipatzekoa ere Deia (Nahia Aizpurua Garro) dokumentala izan dela bi sari lortu dituen ikus-entzunezko bakarra, dokumental -200€- eta argazki onenaren -1.500€tan baloratutako kamera ekipamendua Ogeita4 enpresaren eskutik- sariak, hain zuzen.