Iruñeko Golem La Morea zinema aretoek asteroko espazio finkoa sortu berri dute, euskarazko eskaintza modu egonkorrean bermatzeko. Familia osoari zuzendutako euskarazko filmak eskainiko dituzte asteburuetan eta eskola-oporretan, eta sarreren prezioa 5,5 eurokoa izango da gehienez.

Ostiral honetan, martxoak 26, abiatuko dute Iruñeko Golem La Morea zinemetan Golem Euskaraz ekimena Tom & Jerry (Tim Story, 2021) film klasikoren bertsio berriaren estreinaldiarekin. Euskarazko zinemari gordetako tarte finko bat izango da, asteburuetan zein eskola-oporretan, euskarazko filmak proiektatzeko konpromisoa hartuko duena. Hala, eskolatik kanpoko kultura eta aisialdi jardueretan zein familia eta gizarte esparruan euskararen erabilera indartu nahi dute, eskaintza familiei zein nerabe taldeei zuzenduz.

Emanaldiak goizetan eta arratsaldetan egingo dituzte, eta sarrerak leihatilan, webgunean ala App-aren bidez eskuratu ahal izango dira. Golem Euskaraz zigiludun saioetarako sarrerak, gainera, 5,5 euroko gehienezko prezioa izango dute, eta goizeko emanaldiek 4,5 eurokoa. Horrez gain, familientzako txartela 22 euroan eskuratu ahal izango da, bi heldu eta bi adingaberentzat, ala heldu bat eta hiru adingaberentzat.

Ekimen honen bidez, Iruñerrian euskararen erabilera sustatzeko zein euskarazko edukien kontsumoa indartzeko asmoa du Golemek, herritarren eskaerari erantzunez. Iruñean hiru zinema areto eta Bilbon Alhondigakoa ditu taldeak bere esku, eskaintza zabal eta anitza bermatze aldera.

0