Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdia ekainaren 7tik 12ra egingo dute aurten hiriko Trueba Zinemetan eta Antzoki Zaharrean, eta Sail Ofizialeko epaimahaikideak iragartzeaz gain, film laburren atal berria zein honen epaimahaiko kideak eman dituzte aditzera antolatzaileek.

Eva Rivera Dock of the Bay jaialdiaren zuzendariak festibala modu presentzialean egiteko duten asmoa berretsi du ekimenaren gaineko berritasunak iragartzerako orduan, eta jaialdiaren inguruan sortutako komunitateari eutsi nahi diotela azpimarratu du. “Musika- eta zinema-zaleen topaleku da festibala, eta zentzu horretan lan egingo dugu, mugak ditugula jakinda”. Edizio berria ekainaren 7tik 12ra egingo dute, urtarrileko ohiko datetatik urrun, uda giroan ia, eta aurten film laburren lehiaketako atal berria gehituko dutela jakinarazi dute. Riveraren hitzetan, “fikziozkoak ez diren lanen artean gero eta ohikoagoak diren proposamen laburrengandik hurbil egon nahi dugu, eta nazio zein nazioarte mailako lan interesgarriak jasoko ditugula espero dugu”. Proiektuak bidaltzeko deialdia, hain zuzen, apirilaren 1era arte izango da zabalik.

Bada, film laburren ataleko epaimahaia Xabier Erkizia musikagile eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagileak (Berri Txarrak taldearen inguruan ardaztutako Dardara dokumentalaren egileak) eta Kimuak egitasmoaren koordinatzaile Esther Caberok osatuko dute, eta film luzeen atalari dagokionez, Paco Contreras Niño de Elche diziplina anitzeko artista, Lois Patiño zinemagile eta artista, eta Maialen Beloki Donostia Zinemaldiaren zuzendariordea arduratuko dira epaile lanak egiteaz. Jaialdiaren inguruko xehetasunak ezagutzeko, sartu Dock of the Bay festibalaren atarian.