Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategiak kudeatutako Kimuak film laburren programaren edizio berrira lanak bidaltzeko deialdia zabaldu berri dute maiatzaren 24ra arte. Euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta hautatutako lanak, Kimuak deiturapean, nazioarteko zinema jaialdi zein ospakizun garrantzitsuenetako bidaliko dituzte.
EAEn ekoitzitako ikus-entzunezko proposamen laburrak nazioartean zabaltzeko helburua duen Kimuak programak 24. edizioa osatzeko deialdia zabaldu berri du. 30 minututik beherako eta 2020ko ekainaren 1etik aurrera osatutako ikus-entzunezko ekoizpenei zuzendutako ekitaldia da aurtengoa, eta bertara proiektuak aurkezten dituzten zuzendari ala ekoizle nagusiek EAEn eduki behar du egoitza nagusia. Hautagaitza zuzendariak aurkezten duen kasuan, gutxienez urtebete lehenagotik egon beharko da erroldatuta EAEn, ala bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bertan bizi izan dela egiaztatu beharko du. Ekoiztetxeen kasuan, gurean izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresaren ala gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ordezkariak gehiengoa izan beharko du.
Deialdia maiatzaren 24ra arte izango da zabalik, eta ekainean emango dituzte aditzera urteko katalogoa osatuko duten zazpi proposamenak. Dokumentalak, fikziozko lanak zein animazioak eskaintzen ditu urtero aukeraketak, eta hizkuntza aldetik aniztasuna bilatzen ahalegintzen da epaimahaia.
Iazko deialdia, pandemia tarteko, atzeratu egin behar izan zuten, eta ekainaren 30era arte luzatu zen lanak helarazteko aldia. 72 proposamen jaso zituzten, eta horien artean Paul Urkijoren Dar-dar beldurrezko lana, Hauazkena taldearen Ehiza animazioa, Pablo Hernandoren El ruido solar fikzioa eta Koldo Almandoz eta Maria Elorzaren Quebrantos dokumentala hautatu zituzten, besteak beste. Katalogoa uztailean ezagutarazi zutenetik, Euskal Herriko zein nazioarteko dozenaka jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizunetan hartu dute parte, eta hainbat sari erdietsi dituzte.
Deialdiaren inguruko informazio osagarria topatuko duzue Kimuak-en atarian.