Marina Lameiro zinemagile nafarrak Berri Txarrak taldearen IKUSI ARTE agur bira oinarri duen Dardara dokumentala aurkeztu berri du Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian, bart gaueko irekiera ekitaldian. Martxoaren 18tik aurrera, Hego Euskal Herriko areto komertzialetan izango da ikusgai Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre musikariek osatutako bandaren azken hilabeteak eta haien jarraitzaileen testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa.
Dokumental hutsetik eta efektismotik aldenduko zen norbaitekin lan egin nahi zuten, eta Gotzon Barandiaranen bidez heldu ziren Lameirorengana. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Madrilen, Dokumental Sorkuntza Masterra Bartzelonan, eta muntaketan espezializatu ondoren, New Yorkera joan zen UnionDocsen egonaldi artistikoa egitera. 2018an estreinatu zuen Young & Beautiful bere lehen dokumentala, eta bigarrenaren sorkuntzan murgilduta zegoela heldu zitzaion proposamena. “Une horretan zalantzak sortu zitzaizkidan, ez nuen nire proiektua albo batera utzi nahi… Baina orain, atzera begiratzen dudanean, ez dut ulertzen nola pentsa nezakeen horrela. Nire ametsa zinema eginez mundutik bidaiatzea zen, eta horixe eskaini zidaten!”.
Taldekideen helburua 25 urteko ibilbideagatik jarraitzaileei esker ona agertzea eta agurra zinematografikoki erregistratzea zen, eta horregatik, lehen unean, haiek dokumentaletik kanpo geratzeko aukeraz mintzatu ziren. Proposamena baztertu zuten, ostera, baina jarraitzaileak lehen planora ekarri nahi izan dituzte uneoro, kontzertuetako lehen planoen bidez eta haietako zenbaiten istorioen kontaketa eginez. “Gorkari eguneroko moduko bat egiteko eskatu nion, gai jakinen inguruan ala une zehatzetan sentitzen zuenaz idazteko. Ondoren, nik egin dut aukeraketa, eta erabateko askatasuna izan dut lana egiteko”. Hala, taldeak Alemanian, Mexikon, Japonian eta AEBetan emaniko kontzertuak jaso ditu.
Filma estreinatu aurreko egunetan izan gara Lameirorekin Iruñean; lasai zegoela aitortu zigun, lehen unean filmak sortuko zuen espektatibak beldurtzen bazuen ere. Jarraian elkarrizketaren laburpena.